Joxe Manuel Olaizola militante eta preso ohiari bere autoan GPS aparailua jarri diotela salatzeko agerraldia egin du Oreretako ezker abertzaleak. Pasa den urtarrilaren 15ean aurkitu zuten, eta salaketa jarri dute. "Estatu aparatuen eskua" ikusten dute.
Oreretako ezker abertzaleak —tartean EH Bilduko udal ordezkariak zeuden— agerraldia egin du eguerdian, Joxe Manuel Olaizola militante eta preso ohiari bere autoan GPS aparailua jarri diotela salatzeko. Aratz Estonba abokatuak azaldu duenez —hala jaso dute salaketan—, urtarrilaren 15eko goizaldean, 02:30 inguruan, herritar batek udaltzainei deitu zien, kalean zaratak entzun zituela eta. Bost lagun —hiru gizon eta bi emakume— ikusi zituen auto baten inguruan, ez ohiko jarrera batekin.
Ezker abertzalearen agerraldia, militante bati GPS gailu bat jarri izana salatzeko
Udaltzainak Ikutza Kortsarioaren kalera gerturatu, eta Olaizolaren autoaren atzealdean kable batzuk aurkitu zituzten. Ertzaintzaren artezilariei abisua pasa zieten, eta GPS aparailu bat aurkitu zuten bertan. Salaketa urtarrilaren 19an jarri zuten.
Estonbak azaldu duenez, gertakari hori Olaizolaren militantziak eta preso ohi izateak markatu dute. “Egun libre dago [1997an atera zen espetxetik], ez du kausarik bere kontra”, azaldu du abokatuak. Horrela, “prozedura polizial edo judizial irregularra” da mota horretako gailu bat jartzea. “Ez dakigu zehazki zeintzuk diren, baina estatu aparatuen eskua ikusten da horren atzean”, gaineratu du. Ondorio horretara iristeko antzeko aurrekariak izan direla gogorarazi du Estonbak: “Aurretik, CNI edo indar polizialek halako prozedurak erabili dituzte. Ez dugu inolako zalantzarik jazarpen politikoa dela”. Gainera, “gerra zikinaren” mamua ikusten du, “Olaizolaren intimitatea erasotzeaz gain, bere osotasuna zalantzan jartzen du”.
“Ez da gertakizun bakarra”
Ezker abertzaleak ohartarazi duenez, “ez da gure herrian izandako gertakizun bakarra”. Horrela, aste horretan bertan, Anjel Mari Elkano eta Eusebio Lasaren —agerraldian zegoen— kontrako epaiketa hasiko zuten, beste 33 lagunekin batera. “Bi herritarrak babes juridikorik gabe geratu ziren, defendatu zituzten abokatuak atxilotu zituztelako”.
Gainera, 2013an Herriraren kontrako sarekadan atxilotutako Manu Ugartemendia oreretarra ere Guardia Zibilak Intxaurrondon duen kuartelera deklaratzera deitu zuten. “Gezurra badirudi ere”, gaineratu dute ezker abertzaleko kideek, “2015eko urtarrilean jazotako gertaerak ari gara zerrendatzen; finean, euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak urratzen jarraitzen dutela adierazi nahi dugu, beste behin ere”.
Horrela, “hausnarketarako galdera” luzatu diote Errenteria-Oreretari zein euskal jendarteari: “Kasualitatea al da gure herriak horrelako jazarpen politikoa jasatea?”. Horren aurrean, uste dute, “alde bakarretik, eszenatoki aske baten aldeko, bake eta demokraziaren aldeko urratsak ematen ari garen honetan, Espainiako Estatuak ez du Euskal Herrian normalizazio prozesurik nahi, ezta oinarrizko elkarbizitzarako urratsik eman nahi ere”.
Jakinarazi dutenez, “euskal herritar gisa” dagozkien eskubideak aldarrikatzen jarraituko dute, eta gainontzeko herritarrei “bake, demokrazia eta askatasun eszenatokia” errealitate bihurtzeko gonbitea luzatu die ezker abertzaleak, “izan ere, euskal bidean indarrak biltzeko garaia baita”.
Atzemandako GPS gailua