Materia organikoa jasotzeko edukiontziak martxoaren 2an hasi zen jartzen Errenteriako Udala, eta gaur lehen hilabetearen balorazioa egin dute. Lehen hilabeteko emaitzak “positiboak” izan direla jakinarazi du udalak.
Ferradas eta Mendoza, banatuko duten txaparekin
Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak jakinarazi duenez, 6.347 familiak eman dute izena, biztanleriaren %40k. Familia horiek eman duten pausoa “garrantzitsu” bezala definitu du: “Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herria gara, %31rekin. Edukiontzi marroiak lagunduko du datua hobetzen”. Guztira, martxoaren 2tik apirilaren 7ra arte, 47.800 kilo hondakin organiko jaso dituzte. Bost fasetan hedatu dituzte edukiontziak udalerrian zehar, eta lehenengo egunean 820 kilo jaso ziren eta azkenekoan 11.700. Adierazi duenez, edukiontzi berdera %8 gutxiago joan da.
Gaur ireki dute berriro hondakin organikoak jasotzeko sisteman izena emateko bulegoa. Oraingoan, baina, udaletxean bakarrik eskainiko dute arreta, 10:00etatik 13:30era, astelehenetik ostiralera. Gainera, Eskolako Agenda 21en barruan eskuorriak eta Ekoaktiboa logoa duten txapak banatuko dituzte, birziklatzearen beharra ikasleei erakusteko.
Ferradasek gaineratu duenez, helburua datorren urtean %60ko birziklatze tasara iristea izango da, eta horretarako Ingurumen Aholku Kontseiluaren gomendioak “bide orri bezala” erabiliko dituztela jakinarazi du.
Garapenari begira
Julen Mendoza alkateak zifra horretara iritsi behar dela nabarmendu du. “Zifra hori ez da gure kapritxo bat. Estatuko zein Europako arauek %60ra iristea markatzen dute, eta hartuko ditugun neurriak horri bideratuta egongo dira”. Adierazi duenez, Udal Gobernu Taldeak bere egin du Ingurumen Aholku Kontseiluko hondakinen batzordeak bosgarren edukiontzia derrigorrezkoa izatearen proposamena. “Borondatezkoa den herrietan ikusi da zifra horretatik oso urruti geratzen direla. Ikusiko zein garapen izaten duen”, gaineratu du alkateak.