Bihar hasiko da 43. ekitaldia; konpositore donostiarraren bi obra estreinatuko dituzte, eta larunbatean 2.700 gora musikari ariko dira
Bihar hasiko da Musikaste, eta aurtengoa 43. ekitaldia izango du. Jose Maria Usandizaga omenduko dute, bere heriotzaren mendeurrenean, eta, horrez gain, sortzaile gazteei emango diete protagonismoa. Gainera, Euskal Herriko musika eskolek bi urtez behin egiten duten
Musikaldia topaketa egitarauaren barruan izango da. Bertan, 2.700 musikarik baino gehiagok hartuko dute parte (jaialdiaren sintonia entzuteko,
hemen).

Mendoza, Bagues eta Arrieta, Musikaste aurkezten
Sortzaile gazteen musika garaikidearekin hasiko euskal musikaren astea. Horrela, 18:00etan, Eresbilen egoitzan mahai ingurua egingo dute Musikenen hezitako hainbat sortzailerekin. 20:00etan sortzaile horien obrak entzuteko aukera egongo da Niessenen, Xare Laborategia/Hitza Ensembleren eskutik. Ostiralean jazzaren txanda izango da. Elkano Browning Cream taldearen txanda izango da. Britainiar batek, paristar batek eta donostiar batek osatzen dute taldea, eta fusio doinuak Niessenen ere izango dira entzungai.
Larunbatean, berriz, musika eskoletako ikasleen txanda izango da. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ehunka ikasle elkartuko dira Errenteria-Oreretan, Musikaldian. 10:30etik 14:30era herriko auzoetan. Gero, musika ikasleak Donostiara joango dira, Anoetako estadioan egingo duten kontzertu erraldoira. Arratsaldean, 19:00etatik 21:00etara, Errenteria-Oreretako musika elkarteen txanda izango da (
egitarau osoa).
Igandeari begira, Jose Maria Usandizaga omentzeko lehen aukera baliatuko dute Musikastek Horrela, 11:00etako mezan donostiarrak 13 urterekin sortutako meza interpretatuko du Andra Mari Abesbatzak. Jose Antonio Pascualen organorako obrak ere present egongo dira aurretik. 11:55etik aurrera, Foruen plazan, udal txistulari bandak, lehendabizi, eta EMKEko bandak, ondoren, joko dute.
Datorren asteko astelehen, astearte eta asteazkenean pedagogia kontzertuak izango dira nagusi. Alde batetik, haurrentzako kontzertu didaktikoak emango dituzte. Gainera, Errenteria Musikaleko ikasleek urtean zehar landutakoa kalera aterako dute. Kontzertu horiek 19:00etatik aurrera izango dira, Xabier Olaskoaga plazan.
Bigarren asteburua Usandizaga bera zein Euskalerriko Adiskideen Elkartea omentzen hasiko da Musikaste. Elkarteari aitortza egitea ez da ausazkoa. Izan ere, aurten 250 urte bete ditu, eta musikarekin harremana izan du. Elkarteko kide ziren Jose Maria Etxeberria eta Beltran Pagola Usandizagaren irakasle izan ziren, eta horien obrak joko ditu Lapurdiko Arnaga laukoteak, Niessenen, 20:00etatik aurrera.
Datorren ostirala, hilak 15, Musikaste jaialdiko koruen eguna izango da. Barakaldoko, Iruñeko eta Lapurdiko abesbatzek Usandizagaren zein sortzaile garaikideen obrak interpretatuko dituzte Fatimako Andra Mariaren parrokian, 20:30etik aurrera.
Hurrengo larunbatean bukatuko da aurtengo Musikaste. Jaialdiaren sortzailea den Andra Mari Abesbatzak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Usandizagaren musika sinfoniko eta sinfoniko-koralaren monografikoa egingo dute.
Bitz obra entzungai izango da estreinakoz. Agerraldi bakarreko komediaren lau ilustrazio dira, eta Baguesen arabera, “oso zaila” izan da kontzertura eramatea.
Umezurtza euskarazko lana ere izango da entzungai. Azkeneko kontzertua Fatimako elizan izango da, 20:30ean. Egitarau osoa ikusteko,
hemen.
Bestalde, Julen Mendoza alkateak esan du euskal musikaren asteak ekonomikoki txarrak izan diren urteak pasa dituela, baina hor jarraitu duela. “Eresbil eta Andra Mari bezalako elkarteen ondare kulturala balioan jarri behar da, baita Musikaste ere. Denboran zehar ikusita, balio handia euren lanak, historikoa izan daiteke urte batzuk barru”, esan du alkateak. Parte hartzaileen kopurua eta kalitatea nabarmendu ditu, eta musika arloko jende askori irekitzen dizkiola ateak.