Kuadrillategi eta Oarsoirriak ekimenek indarrak batu dituzte larunbateko Badia Festa antolatzeko
Eskualdeko irrizaleek egun osoko jai eguna antolatu dute larunbaterako, Badia Festa. Aurten, gainera, bi ekimen bildu dira antolakuntzan:
Oarsoirriak eta
Kuadrillategi. Esan dutenez, ikasturteari amaiera emateko festa izango da larunbatekoa, familiak eta gazteak elkarrekin ospatzekoa.
“Badiak elkartzen ditu eskualdeko herriak eta Pasaiako barrutiak eta, era berean, Badiak elkartu nahi ditu larunbatean euskararentzako arnas gune diren bi ekimen handi hauetan parte hartzen dugun familiak eta gazteak” adierazi dute antolatzaileek, “bi ekimenen indarrak batuz euskarari arnas berria eta indartsua” emateko.
Bazkaria San Pedron
Badiari bira emango diote festara biltzen diren familiek, bizikletaz. Donibaneko plazatik abiatuko dira, eta herriz herri joango dira familiak biltzen.
Bien bitartean, San Pedron, txintxorroak egingo dituzte Koadrillategiko gazteek, arratsaldean uretaratuko dituzten txintxorroak.
Lehenago, baina, elkarrekin egingo dute otordua guztiek. Bazkaria San Pedroko frontoian izango da, norbere etxetik eramango duen otorduarekin.
Bazkaldu ondoren, gazteek, motoraren gaiaren inguruan egin duten lanketaren aurkezpena egingo dute, eta jarraian,
Antxotarrok Historia Mintegiko lagunekin solasaldia izango da.
Azkenik, hala nahi duen orok txalupan ibilalditxoa egiteko aukera izango du, garai batean motorak egiten zuen ibilbidea ezagutzeko.
Badia Festa, egitaraua