Errezitaldi-kantaldia antolatu du Luzuriaga Martxan-ek ostiralerako, Josu Landa, Gotzon Barandiaran eta Itziar Castrillorekin.
Itziar Castrillo, Gotzon Barandiaran eta Josu Landa, Iruñeako Katakrak-en
Mikel Antzaren azken lana ekarriko du Antxora Luzuriaga Martxan iniziatibak. Antzak
Ametsak ere zain liburuan bildutako olerkiak errezitatu eta kantatuko dituzte ostiralean, Luzuriagako laborategian, 19:00etatik aurrera. Antolatzaileek iragarri dutenez, “xumea” izango da errezitaldia, ” azpiegitura sonororik gabea”, eta horrek ikuskizunari “xarma berezia” emango diola nabarmendu dute.
Ahotsa, gitarraz eta saxofoiaz lagundutako errezitaldia izango da ostiralekoa.
Josu Landak (idazlea, poemen errezitatua egingo duena), Gotzon Barandiaranek (idazlea eta musikaria, Katamalo, ahotsa eta gitarrarekin), eta Itziar Castrillok (saxofoi jolea, jazzean diharduena eta tresna horretako irakaslea Durangon) gidatuko dute emanaldia. Aurrez Katakraken (Iruñea), eta Hitzen (Durango) aritu dira. Antxokoa izango dute beraz hirugarren emanaldia, eta lehendabizikoa Gipuzkoan.
Kartzelan idatzitako poemak
Poemen egilea, berriz, kartzelan da, Okzitanian zehazki. “Mikel Antza idazlea zen sasian sartu aurretik, eta idazle izaten jarraitu izan du, ahal izan duen moduan, beti”, jakinarazi du Luzuriaga Martxan-ek. Ziurrenik horregatik, bere poesietan, denetik apur bat badela ohartarazi dute: “Politika, maitasuna, bakardadea, herria… Gaurko egunetik idazten du: hurbila zaigu dena Ametsak ere zain poema bilduman”. Aurten argitaratu du Antzak Ametsak ere zain liburua, Susa argitaletxearekin.
Hona hemen liburuaren aurkezpen gisa Mikel Antzak berak idatzitakoa: “Poema gordinak dira, gogorrak, heriotza eta kartzela eta gerra dute gai. Mina eta samina. Garratzak ere badira pasarte batzuk, ez oso ‘poetikoak’ beharbada. Baina maitasunezko poemak ere dira, norbanakoa baitute gai eta helburu. Eta aurrenik neroni; liburu honen idazketa bitartean nigan eragindako aldaketa sentitu baitut. Eta maitasunezko poemak ere dira, askatasuna dutelako amets, askatasunez idatziak direlako”.