ELAk deituta, elkarretaratzea egin dute zaharren egoitzaren aurrean; Gipuzkoan hitzarmena sinatu ez duen bi egoitzetako bat da
Sanmarkoseneko langileek elkarretaratzea egin dute gaur
Sanmarkosene zaharren egoitzako langileek elkarretaratze zaratatsua egin dute gaur goizean, egoitzaren parean. Ekainaren 1etik greba mugagabean daude Sanmarkoseneko langileak. Gureak-ek kudeatzen du zentro hori, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako hitzarmena ez du onartu. Aldundiak 1.662.300 euro jarri ditu Gipuzkoako 67 egoitza eta eguneko zentroen tarifak eguneratzeko, eta langileen soldatak %2 igotzeko. Herrialde osoan hitzarmena sinatu ez duen beste zaharren egoitza bat bakarrik dago: Donostiako San Ignazio.
ELAko ordezkari batek adierazi duenez, “Adegikoak zaharren egoitza honetan bazkide dira, eta ez dute hitzarmena onartu nahi izan”. Izan ere, egoitza hobetzeko obrak egiten ari dira, eta gastu hori “aitzakia” moduan jarri dutela salatu du ELAk. “Gureak-ek 151 milioi euroko diru sarrerak izan zituen iaz, eta 2,7 milioi bideratu dituzte hainbat obra egiteko. Esaten dute datozen bi urteek garrantzia izango dutela eskuduntza eskuratzeko, baina aitzakia bat besterik ez da”, gaineratu du. Egoera konpondu arte borrokan jarraituko dute Sanmarkoseneko langileek.