'Herriko tabernen' auziaren gaineko epaia eman du Espainiako Auzitegi Gorenak, iazko uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia berretsiz. Rufi Etxeberriari espetxe zigorra arindu diote.
Oiartzungo elkarteetako ordezkariak, Giriziaren alde egindako agerraldian (2013ko abendua)
Gaur eman du Espainiako Auzitegi Gorenak Herriko tabernen auziaren gaineko ebazpena eman du, eta berretsi egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko uztailean emandako sententzia: 103 herriko taberna konfiskatuko dira, eta hainbat laguni espetxe zigorra ezarriko diete, baina arinduta. Azken horien artean Rufi Etxeberria oiartzuarra dago: espetxe zigorra hiru urtetik, urtebete eta hamar hilabetera jaitsi dio Gorenak, hortaz, ez du espetxera joan beharko, besteak beste, aurretik gai horregatik betea zuelako denbora tarte hori espetxean.
Alta, Gorenak berretsi duenez, Oiartzungo Girizia, Errenteria-Oreretako Landare, Irungo Hazia eta Trintxerpeko Trintxer konfiskatuko dituzte. San Pedroko Antxeta neurri horretatik salbu gelditu da.
Oarso Bidaso lokalez gain, Euskal Herriko beste 99 lokal konfiskatuko dituzte. Eta espetxe zigorra berretsi baina arindu dietenen artean daude, Rufi Etxeberriaz gain, Joseba Permach, Joseba Alvarez, Karmelo Landa eta Juan Kruz Aldasoro.
Iazko uztailaren 30ean eman zuen lehen epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Horren arabera, 103 lokalak konfiskatzeaz gain, gaur zigorra berretsi dieten bostei zein beste hainbat laguni ezarri zitzaien espetxe zigorra, tartean Idoia Arbelaitz oreretarrari; urtebete eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zioten orduan.
Mobilizazioak
Albistea jakin bezain pronto hasi dira Oarso Bidasoan mobilizazioak antolatzen, Gorenaren epaiari erantzuteko. Trintxerpeko Trintxer elkartearen atarian elkarretaratzea egingo dute gaur bertan, 19:00etan; Errenteria-Oreretan 19:30erako luzatu dute deialdia, Xenpelar plazan,
Landare libre eta zabalik lelopean, eta Oiartzunen 20:00etan da Giziriaren aldeko elkarretaratzea, plazan.