Larunbatean estreinatu zuen Orratx! antzerki taldeak 'Kale hop' azken lana. Arrakasta handia izan du, komedianteena bihurtu baitzen Lezo.
Orratx! en kalejira
Arrakasta handia izan du Orratx! antzerki taldearen
Kale Hop azken lanak. Larunbatean estreinatu zuten lana eta laurehun lagun inguruk jarraitu zituztela xehetasun guztiak esan du Lierni Fresnedo zuzendariak hunkituta: “Izugarria izan zen Gurutze Santuaren plaza beteta ikustea, oso polita izan zen guretzat eta jendeak barre eta txalo ugari egin zituen”.
Komedianteen garaira itzuli da Orratx! bere azken lanarekin, eta haien gisara, kalejira egin zuten antzerki taldeko kideek larunbat eguerdian Lezoko kaleetan barrena gaueko ikuskizuna iragartzeko. Izugarria izan omen zen hura ere: “Bizilagun ugari atera ziren leiho eta balkoietara zer izango ote zen jakin nahian. Oso polita izan omen zen”. Antzezlanari dagokionez, berriz, adin guztietako lezoarrak bildu omen ziren plazan, haur, gazte eta heldu, eta giro paregabean gainera.
Lau urte inguru izango zituen haurra izan du gogoan Fresnedok, lehen lerroan zegoen eserita: “Antzezlan guztia jarraitu zuen begirik itxi gabe, adi-adi, zerbait galduko ote zuen beldur. Halako detaileak dira ederrak”.
Oiartzunen ostiral gauean
Asebeteta antzezlanak izan duen jarraipena ikusita eta baita kalea berreskuratu duelako Orratx! taldeak neurri batean, “helburua hori zen, eta kale antzerkiarekin aretora hurbiltzen ez zen jendea etortzea ere lortu dugu. Oso pozik gaude”. Dena eman omen zuten zazpi aktoreek oholtzaren gainean, eta leher eginda amaitu zutela esan du zuzendariak, “leher eginda, baina pozik. Dena jasota emanaldiaren gainekoak komentatzen aritu ginen”.
Lehenengo aldia zen Orratx! antzerki taldeko zazpi aktoreek kale antzerkia egiten zutela eta horrekin urduri zebiltzala aitortu zioten OARSO BIDASOKO HITZARI Fresnedok eta Mertxe Larrea aktoreak joan den astean egindako elkarrizketan. Emaitza ikusita berriz, urduritasunak alde batera utzi eta Oiartzunen ostiralean egingo duten emanaldirako indar beteta dabiltza lezoarrak. 21:30ean izango dute emanaldia plazan eta aurretik, arratsaldeko seietan kalejira egingo dute Oiartzunen ere.