'Oarso'-n 58 artikulu idatzi dituzte. Urtekariaren 50. zenbakiak Mitxelenari buruzko gehigarria dakar berekin.
Elixabete Perez Gaztelu, Mitxelenari buruzko gehigarria azaltzen
Gaur aurkeztu dute
Oarso aldizkariaren bigarren aroko 50. zenbakia. Udaletxeko pleno aretoa goraino bete da, urtekariaren edukiaren berri izateko. Hiru ardatz, beste horrenbeste urtemugetan oinarrituta, izango ditu aldizkariak. Alde batetik, paper fabrikaren 125. urteurrena, eta, bestetik, Antonio Valverde Aialde eta Koldo Mitxelena jaio zirela ehun urte beteko dira.
Garazi Lopez de Etxezarreta zinegotziak edukia zenbakitan xehatu du. Horrela, egileen %21 dira emakumeak, eta %69 gizonak. Gainontzekoak elkarteen izenean idatzi dituzte. Euskaraz, berriz, %29 dira, elebitan %8 eta gainontzekoak gaztelaniaz idatzi dituzte.
Hiru paper enpresa
Txema Arenzanak idatzi du paper fabrikari buruzko artikulua. Azaldu duenez, udalari —eta ez enpresari— esker, jakin zuten Errenteria-Oreretako paper fabrikak 125 urte beteko dituela abuztuaren 20an. Hiru enpresek kudeatu dute Oiartzun ibaiaren eskuin ibarreko fabrika: Papelera Vasco-Belgak (1890-1901), Papelera Españolak (1901-1993) eta Papresak.
Gainera, 1929tik 1954ra Papelera del Oarso izenarekin, beste hogei paper fabrikarekin batera, elkargoa sortu zuten. Buru Errenteria-Oreretako fabrika zen, eta Espainiako Estatu guztian prentsarako papera egiteko ardura izan zuten.
Arenzanaren ondoren, Iñigo Imazek hartu du hitza, eta aurtengo
Oarso osatzen duten 58 gaien azalpen labur bat egin du. Besteak beste, Juan Ignacio Gamonen heriotzaren 200. urteurrena, langileen batailoiei buruzko lana eta Antonio Valverde pintoreari buruzkoa nabarmendu ditu. Egileen parte hartze zabalarekin pozik daudela gaineratu du Imazek, eta aldizkaria udalerrian “erreferente” dela iritzi du.
Mitxelena, aparte
Oarso aldizkaria erostean irakurleak nabarituko duen lehen berritasuna izango da bi liburuxka jasoko dituela. Izan ere, Koldo Mitxelenari gehigarria eskaini diote bere jaiotzaren mendeurrenean. Ellixabete Perez gaztelu aritu da koordinazio lanetan. Argitu duenez, gehigarriaren azala eta kontrazala Antonio Valverdek Mitxelenaren adinkide eta lagunak —baita urtekariko protagonista ere— margotu zituen bi irudik betetzen dute.
Testuei dagokienez, Mitxelenak jorratzen zituen hainbat arlori buruzko adituek idatzi dituzte. Horrela, literatura kritika; sintaxia eta gramatika; lexikoa; euskara batua eta estandarizazioa zein Mitxelenaren arlo humanoa aztertzen dute.
Gaur jarri dute salgai
Oarso aldizkaria, eta udaleko arkupetan lortu ahal izango da datorren asteko igandera arte, toki horretan bertan. Goizez, 10:00etatik 13:00etara izango dira bertan, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Beraun, Gabierrota eta Iztietako hainbat txokotan ere eskuratu ahal izango da.