Eider Perez preso oreretarraren, bere bikotekidearen —preso dago baita ere— eta bien zazpi urteko semearen egoera salatu zuten hamarnaka herritarrek.
Hamarnaka lagunek eskatu zuten presoen seme-alaben eskubideak errespetatzea
Hamarnaka lagunek —tartean Xanti, Maialen eta buruhandiek— presoen seme-alaben eskubideak aldarrikatu zituzten atzo arratsaldean Herriko Plazan, Sarek deituta. 19:15ean hasi ziren herritarrak hurbiltzen, asko euren seme-alaba edo bilobekin. Elizako eskaileretan elkartu, eta argazkia atera zuten denek.
Eider Perez preso oreretarraren, bere bikotekidearen —preso dago baita ere— eta bien zazpi urteko semearen egoera salatu zuten. Perezen bikotekide Jon Solana espetxean dago, eta pasa den udazkenera arte biak zeuden Kordobako (Andaluzia) presondegian. Orduan, banatu egin zituzten, eta Sevillara mugitu zuten. Sarek azaldu duenez, “inolako arrazoirik gabe” lekualdatu zuten Solana, eta euren semeak ama bisitatzeko egin behar dituen 865 kilometroei beste 140 gehitu zaizkie. Itzuliko bidaiarekin, 1.900 kilometro egin behar ditu zazpi urteko haurrak.
Urte hau hasita konpondu zen egoera, baina pasa den ekainean berriro eraman zuten Sevillara. Indarrean dagoen legeriaren arabera, preso dauden bikoteak espetxe berean egon behar dute, seme-alabek gurasoak elkarrekin bistatzeko aukera izan dezaten.