Ion Collar Kultura zinegotziak jaien lehen balorazioa egin du, eta eskerrak eman dizkie dena behar bezala ateratzen lagundu dutenei.
Inoiz baino jende gehiago bildu zen Kuadrillen Eguneko bazkarian
Ion Collar Kultura zinegotziak madalenen lehenengo balorazioa egin du (irailean egingo dituzte sakonagoak), eta alde horretatik, “positiboak” izan direla nabarmendu du. Herriko festak behar bezala ateratzeko ahalegina egin duten jai antolatzen aritu diren eragileei. Gainera, udaleko sail eta langileen lana ere aitortu du, eta ez ditu omenduak —Hibaika eta Agustina Otaola— ahaztu.
Haurrentzako egitarauak eta musikak izandako protagonismoa goraipatu ditu, baita ere txupinazoaren aurreko herri bazkariak zein Kuadrillen Egunekoak. Madalenak “inoiz baino gehiago gozatu” direla esan du Collarrek, baina lapurretak eta osasun zerbitzuen interbentzioak arantzatxoa direla gaineratu du. Datorren urterako horrelako gertakizunak saihesteko. Honakoa da testu guztia:
Datorren irailean Jai eta kultura batzordeak bilerak egingo ditugu Madalenak 2105eko jaien balorazio sakonago bat egiteko. Baina, Kulturako Zinegotzia naizen aldetik, Madalenetako jaiak ondo baino hobeto ateratzeko ahaleginak egin eta konpromisoa hartu duten eragile guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Pertsona eta elkarte horien ahalegin eta inplikaziorik gabe, ez genuke jairik izango, eta horregatik utzi iezadazue nire lehen hitzak haien lana aintzat hartu eta eskertzeko: Zorionak eta Mila Esker denoi.
Era berean, herriko jaiak antolatzen lankidetzan jardun duten udal departamentu eta langile guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, halako pertsonen lana eta eginahala ezinbesteko baita jaiak aurrera atera daitezen: mantentze-lanak, garbiketa, udaltzainak…, eta, baita Babes Zibileko kideak ere, etengabe guztia zaintzen aritzen baitira. Eskerrik asko.
Eta, jaiak hobetzen lagundu duten alderdi politiko guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu. Ezin ditugu ahaztuta utzi omendutako pertsonak, batez ere Hibaikakoak eta Agustina Otaola. Izan ere, aurten honen presentzia oso berezia izan da, eta harro-harro hemendik aurrera esango dugu gure herrian emakume izeneko lehenengo frontoia dagoela, emakume kirolari guztiak aintzat hartu eta omenaldi xumea egiteko. Eta, azkenik, eguneroko lanean jardun duten herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, zuek baitzarete Madalenak izeneko ilusioaren benetako motorra.
Kulturako Zinegotzi gisa egiten dudan Madalenei buruzko lehenengo balorazioan honetan erabat positiboa naiz. Eguraldiak ez du askorik lagundu, baina Madalenak gozatu egin ditugu giro ederrean, ehunka ekitaldi antolatu dira eta milaka herritarrek, kanpokoek eta bertakoek, parte-hartu dute. Eta, hitz hauek ere balio dezatela Irune Balentziagak, nire aurrekoak, egindako lana aitortu eta omenaldi xume hari eskaintzeko. Bihotzez mila esker!
Txikienak eta musika izan dira Madalenetako jai hauetan protagonista nagusiak (jakina, Xanti eta Maialenen baimenarekin). Aurten alor hauetan ahalegin berezia egin dugu, eta inolako zalantzarik gabe jarritako itxaropenak bete direla esango dugu. Kolore askotariko Txupinazo Txikiak egundoko arrakasta izan du, eta kontzertuak ugariak eta kalitatezkoak izan dira, gure herriak eskatzen duen tamainan. Lan horretan adin guztietako jendeari zuzendutako programazioa izan dugu, eta edozein txoko girotu eta espazio berrietara iristea lortu dugu.
Izugarria izan da danborrada ugariek mugitu duten jendetza, parte-hartzaileak nahiz ikusleak asko izan baitira. Eta, herri-bazkarietarako ez dago hitzik, leku oso nabarmena izan dute, Jai Batzordeak nahiz Koadrilen egunean antolatutakoek, non bertan 1.500 lagun elkartu ziren (aurreko urteetako kopuruak gainditu ziren); zinez, uste dut, ekitaldi horiek garai bateko “herri-harrera” lortu dutela eta Madalenak horien “termometro” zehatza direla. Antzerkia, ikuskizunak, txikiguneak, poteoak, kukaina, sorpresak… Guztiok parte-hartu duzue, eta jaietan herri osoaren ilusioa kutsatu duzue, guztiona den sentimendua sortzeko: herriaren jaiak eta herriarentzako.
Herritarrak gonbidatu genituen jaiak Begirunean, Aniztasunean eta Berdintasunean gozatzeko, giro atsegin batean, eta, horiek kontuan hartuak izan zitezen. Urtetik urtera, jarraituko dugu balio eta elkarteen arteko lankidetza sustatzen, Udalaren eta elkarteen arteko sarea sortu, eta jaiak guztion artean antolatzeko erantzukizuna konpartitzeko.
Orokorrean, jaiak inoiz baino gehiago gozatu ditugu giro atsegin batean, eta, nola ez, berrikuntza askorekin. Zorionez, gorabehera larririk gabe joan dira, baina ez dugu ukatuko ohiko lapurretak, mediku asistentziak… izan direla. Hortaz, dagokigun erantzukizunarekin datorren urtean gure eskura dauden neurri guztiak hartuko ditugu, era horretako gertakariak edo ezustekoak txikiagotzeko, nahiz eta jakin halakoak aurreikustea zaila dela.
Amaitzeko, pazientziaz jardun duten herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Badakigu batzuetan jai eta atseden eskubideak bateratzea zaila dela, eta horregatik bihotzez eskertu nahi dizuet agertu duzuen pazientziagatik. Zenbait lekutan eragozpen gehiago dagoela ere badakigu, eta datorren urtean kontuan hartuko ditugu, jaiak guztiontzat atseginak izan daitezen.
Gora Madalenak! Gora Herria! Gora Zuek!
Ion Collar. Kultura Zinegotzia