Larriki gaixorik dagoen presoarengatik kezka agertu dute ideologia ezberdinateko hautetsiek, egungoek eta iraganean izandakoek
Ordezkari publikoen agerraldia, Aitzol Gogorzaren askatasuna aldarrikatzeko
50 lagun inguruk agertu diote atxikimendua gaur goizean Errenteria-Oreretan Aitzol Gogorzaren askatasunaren alde irakurri duten manifestuari. Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokian legegintzaldi guztietako Errenteriako Udaleko ordezkari publikoak bildu dira, gaur egun ordezkari direnak eta iraganean izandakoak. Alderdi guztietako ordezkariak izan dira, –PP alderdiko Txema Herzog han izan da ere, atxikimendua agertu ez duen arren, preso gaixoaren egoeraren berri zuzenean jasotzeko–, eta PSE-EEko Juan Carlos Merino alkate ohia aipatu dute atxikimendua adierazi dutenen artean.
Arantxa Urbietak eta Lore Egañak irakurri dute manifestua, eta Jose Luis Insaustik aipatu ditu prentsaurrekora etortzerik ezin izan dutenen baina atxikimendua agertu dutenen izen-abizenak. Insaustik guztiei eman dizkie eskerrak babesarengatik, eta denoi helarazi dizkie esker ona Aitzol Gogorzaren familiaren partetik.
” Ideologia ezberdinak alde batera utzi eta pertsona guztiek ditugun Giza Eskubideen defentsan, Aitzol Gogorza errenteriarrak sufritzen duen egoeraren aurrean gure kezka adierazi nahi dugu”, esan dute. Gogorzak nahasmen obsesibo konpultsiboa duela gogorarazi dute, eta azken urtetan krisialdiak bata bestearen atzetik izan dituela jakinarazi. Bere buruaz beste egiten saiatu izan da, eta maiz ingresatu behar izan du Basurtoko ospitalean. “Horrela jarraituz gero itzulezineko egoera betara iristeko arrisku erreala dago”, ohartarazi dute.
Azken txostenek presoaren larritasun egoera onartzen dutela nabarmenduz, eta arrazoi humanitarioak medio, Aitzol Gogorzaren askatasuna eskatu dute eta “helburu hau lortze bidean instituzio ezberdinek egin ditzaketen ekimenei atxikimendua” adierazi diete.