Gravette garaiko grabatuak aurkitu dituzte Aitzbitarten
22.000 eta 28.000 urte artean dituzten grabatuak aurkitu dituzte Aitzbitarteko III eta IX kobazuloetan. Zaldiak, bisonteak eta ahuntzak daude irudikatuta grabatu horietan. Aurkikuntza garrantzitsua da, halako arrastorik ez delako aurkitu orain arte Kantaurialdean.
22.000 eta 28.000 urte artean dituzten grabatuak aurkitu dituzte Aitzbitarteko III eta IX kobazuloetan. Zaldiak, bisonteak eta ahuntzak daude irudikatuta grabatu horietan. Aurkikuntza garrantzitsua da, halako arrastorik ez delako aurkitu orain arte Kantaurialdean, eta Aitzbitarteko grabatu horiek izango lirateke beraz, lehenak. Gipuzkoan aurkitu diren bigarren aztarna zaharrenak dira gainera, Altxerriko kobazuloetan aurkitutakoen atzetik. Hori ez da izan ordea, aurkikuntza bakarra Landarbason kokatuta dauden kobazuloetan, Madaleine Aroko (12.500 eta 14.500 urte artean) grabatuak ere aurkitu dituzte, Aitzbitarte V kobazuloan. Azken horretan lau bisonte aurkitu dituzte, horietako bi, metro ingurukoak. Aurkikuntzarekin beraz, bi garai ezberdinetako arrastoak topatu dituzte Errenteria-Oreretako kobazuluetan. Silexa eta hatzak baliatuta egindako grabatuak Silex mineralarekin egindako instrumentuekin egindakoak dira grabatu horietako batzuk, eta hatzekin besteak, adituek zehaztu dutenez. Aurkikuntzaren berri emateko agerraldia egin dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Denis Itxaso Kultura diputatuak, Julen Mendoza Errenteriako alkateak, Felix Ugarte Elkarteko espeleologo Javier Buselok, Bilboko arkeologia Museoko Diego Garate arkeologoak eta Joseba Rios Burgosko Gizakiaren garapenerako ikerketa zentroko arkeologoak. Aitzbitartekoekin 11 dira Paleolitoko Horma artea duten kobazuloak Gipuzkoan. Mendozak aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu du eta horrek udalerria Euskal Herriaren ezagutzaren mapan kokatzen duela esan du Deba eta Zestoarekin batera: “Natura ondare eta ondare arkeologiko eremu garrantzitsua dugu Errenterian”. Udaletik ondare hori ezagutarazi eta babesteko bitartekoak jarriko dituztela gaineratu du. Irailean egindako aurkikuntza Pasa den irailean egin zuten aurkikuntza horma-artean aditu diren Diego Garatek eta Joseba Riosek, eta Felix Ugarte Elkarteko kide Javier Buselok, Giorgio Studerrek, Sabino Orbegozok eta Imanol Errazkinek. Aitzbitarte V kobazuloan hiru bisonte grabatu aurkitu zituzten orduan. Hilabete berean, aurkikuntza egin zuten Aitzbitarte III (hamabi animalien grabatuak) eta IX (bisonte bat) kobazuloetan. Aitzbitarteko kobazuloak euskal arkeologian aitzindari izan direla esan du Garatek, eta aurkikuntza hau hasiera baino ez dela, “dena egiteko dago orain, Landarbason aurkitzeke dagoen aberastasuna dago” Aurkikuntzaren ondoren itxita daude Landarbasoko kobazulo ia guztiak IV eta interes berezia ez duten beste txiki batzuk izan ezik, ondarea babestu ahal izateko. Itxasok, aldundiak azterketa sakonagoa egiteko aukera aztertuko duela esan du: “Aurkikuntza hau izugarria delako eta badirudielako halako gehiago egiteko aukera handiak daudela eremu horretan”.