Eskifaia osatzeko arazoak izan dituzte, baina ontzi txikiagoekin aterako dira. Mutilek KAE2 Ligako goiko aldean egon nahi dute.
Oiartzungo Itsaslapurren nesken trainerua iazko otsaileko irudian
Oraindik asko falta da traineru ligak has daitezen, baina arraun taldeak hasi dira prestatzen. Oiartzungo Itsaslapurrak bigarren aldiz aterako dira arraun eremuetara, baina emakumeen trainerurik gabe. Hala jakinarazi du Jon Perurena klubeko presidenteak. “Osasunagatik, eta bizitzen jarraitu nahi dudalako, ez dugu trainerurik aterako”, azaldu du. Hori bai, emakumeek osatutako trainerilla eta batelak egongo direla ziurtatu du, eta datorren urtera begira ontzi nagusia ateratzeko intentzioa badutela ere esan du Perurenak.
Denboraldiari aurre egiteko bi modu daudela azaldu du klubeko presidenteak: borroka edo osasunarena. “Ideia borrokatzea izan zen, eta horretarako sei bat arraunlari geratu dira, eta horrekin ezin da trainerua osatu. Hondarribira beste hainbeste joan dira, eta han lasaiago ibiliko dira, astean entrenamendu pare bat egingo dituztelako”, zehaztu du.
Hori bai, aitortu du bera ez dela asko mugitu eskifaia osatzeko garaian: “Iaz asko mugitu nintzen, eta azkenean, ia erotu egin nintzen. Ez baduzu lehiatzen, jendeak lasai hartzen du, eta oporretara joaten da, parranda egiten du… eta trainerua betetzeko arazoak egoten dira”. Horregatik, iazko denboraldia “hain ona” izan ez zela gaineratu du, “lasaiegi” hartu zelako.
Mutilak, gora begira
Gizonek osatutako traineruak izango du presentzia KAE2 Ligako estropadetan. Urte ona egiteko anbizioa badute, gainera: “Aurtengo intentzioa goiko aldean ibiltzea izango da. Matematikengatik. Iaz, denak berriak izanda, erdialdean ibili ginen, astero goikoei segundoak jaten”. Iazko bloke berak jarraituko du, eta gainera, arraunean eskarmentua duen jendea fitxatu dute. “Botea azkarrago joango da, hobeto ibiltzen dira eta, gainera, TKEkoekin entrenatzen gara. Iaz baino 40 segundo azkarrago ibiltzen gara”, adierazi du Perurenak. Bandera bat lortuz gero, lanak aurreratu ditu: “Udaletxeko balkoi bat uzteko eskatu diot udalari, badaezpada!