Udalak San Markos Mankomunitateari jasotzen dituen zerbitzuengatik ordaindu behar diola ebatzi du epai batek
Mankomunitateko 2014ko aurrekontuak bertan behera utzi dituzte epaileek. San Markosek aurtengoak osatzerakoan kalkulu justua egitea eskatu dio udalak.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak erakundeari arrazoia eman dio, eta San Markos Mankomunitateko 2014ko aurrekontua baliogabetu du. Oiartzungo Udalak eskatu zuen udal bakoitzak jasotzen zuen zerbitzuaren arabera ordaintzea, eta epaiak arrazoia eman dio.
Ez da aurrekontu horiek bertan behera utzi duten lehenengo aldia. Izan ere, Astigarraga, Hernani, Lezo, Pasaia eta Usurbilgo udalek jarritako helegiteari ere arrazoia eman zioten. Aurrekontua baliogabetu ez ezik, ekarpenak banaka kalkulatzea agindu zuen epaiak.
“Argudioak desmuntatu”
Udalaren ustez, artean San Markos Mankomunitatearen presidente zen Denis Itxaso “eta bere ingurukoen” argudioak “desmuntatu” dituzte epaileek. “Itxasok-eta hartutako erabakiak atez ateko bilketa sistema zuten herriak zigortzeko izan ziren, sailka gutxien biltzen zuten —eta birziklapen tasa baxuenak dituztenak— herrietako bilketa ordainaraziz besteoi”, gaineratu dute.
Iazko aurrekontua ere epaitegietan dago, arrazoi beragatik. Aurtengoak oraindik ez ditu onartu San Markoseko Mankomunitateak. Udalak erakunde horren presidente Jaime Dominguez-Macayari eskatu dio herri bakoitzak egin behar dituen “ekarpen ekonomikoak egoki kalkulatu eta justuak izateko”. Era berean, aurreko agintaldiko jarrera “alde batera” uzteko eskatu diote.