XVII. mendeko udalen akten hustuketa euskara hutsez egiten ari dira
Zailtasun handiagoa izan arren, udalak hizkuntza horretan egitea erabaki du, historialariek oinarri bat izan dezaten eta udal artxiboaren hizkuntza delako.
Udal Artxiboa XVII. mendeko akten hustuketa lana egiten ari da, eta estreinakoz, euskara hutsez egiten ari da lan hori. Hustuketa bukatzean, akta zahar horien informazioa datu base batean gordeko dute, herritarrek erabili ahal izan dezaten.
Lanaren ardura du Ereiten Kultur Zerbitzuak enpresak. Bertako kide da Iago Irijoa, eta adierazi duenez, lan hori euskara hutsez egiteak “zailtasun handia” du. Hustuketa lanak gazteleraz egitea “errazagoa” da, eta ez da “oso ohikoa” euskaraz egitea. Horregatik, hizkuntza hori erabiltzea erabaki duten udalak gutxi dira.
Erdi Aroko zein Aro Modernoko terminologia zehazteko euskarazko teknikorik ez dago, eta beste irizpide batzuk erabiltzen dituzte: Orotariko Euskal Hiztegia eta Manuel Larramendiren Diccionario Trilingüe, besteak beste. Gauzak horrela, historialari euskaldunentzako oinarriak jartzea da hustuketen helburuetako beste bat. “Hala ere, terminologia aldakorra da, eta proposamen berri hobeak egitean aldaketak egiten dira”, argitu du Irijoak.
Zailtasunak zailtasun, Oiartzungo Udalak lan hori euskaraz egitea erabaki du, Udal Artxiboaren lanerako hizkuntza euskara delako. Asteasun, Getarian, Lezon, Olaberrian eta Villabonan ere euskaraz egin dute akten hustuketa.
Zaharrena, 1658koa
Herriko udal artxiboak dituen liburu aktarik zaharrenak XVII. mendekoak dira, 1658 urtekoak zehazki. Udalaren aktak ez ezik, gutunak zein emandako baimenak aurki daitezke, besteak beste.
Bi emaitza garrantzitsu eman ditu hustuketak, oraingoz. Alde batetik, euskarazko hitzak aurkitu dituzte XVII. mendean idatzitako aktetan. Bestetik, gaur egungo toponimoak beste forma batzuekin topatu dituzte. Izan ere, egungo tokien izenak XVIII., XIX. eta pasa den mendean sortu ziren.