Jon Martin
Jon Martin bertsolariak, lau musikarirekin batera,
Margotu berria diskoa argitaratu berri du. Beira taldearen hamar abesti berrien letrak egin ditu Martinek. Amazkar tabernan eros daiteke diskoa.
2006an sortu zenuten bikotea.
Garai hartan bikote ere ez ginen, kanta bat bakarrik egin genuen,
Moskutik Lezotira diskorako. Jende asko gogoratzen da Bakardadea kantarekin. 2007an Indiara joan nintzen lanera, eta Igorrekin [Arruabarrena] harremana asko estutu nuen, posta elektroniko bidez. Garai oso sortzailea izan nuen, eta letra asko idazten nituen. Bidali, eta Igorrek musikatu egiten zituen…
Eta lehenengo diskoa ez zenuten 2013ra arte atera.
Gure lehenengo diskoa, oinarrian, 2007an idatzitako abestiak ziren. Lan hori helburu jakinik gabe egin nuen, eta jendeak entzun zituen kantuak. Iruditu zitzaidan kantuak gal zitezkeela, eta grabatzea erabaki nuen. Bigarren diskoa, berriz, disko izateko asmoz hasieratik jaiotakoa izan da.
Bikote izatetik boskote izatera pasatu zarete, gainera.
2013an diskoaren aurkezpena egitean, Igorren taldekide ohiak bildu genituen, bakoitza nondik gentozen omenaldi bat egiteko. Geratu egin ziren. Musikalki, beste maila batera igotzen zuten proiektua. Zalantza batzuek sorrarazi zizkidan, bikote bezala plastikoagoa litzatekeelako, azkarrago sortuko genituzke kantak, baina maila askoz baxuagoa izango litzateke. Denbora pasatu da, eta pozik nago erabaki hura hartu izanaz. Sortu eta sortu ari gara, eta hirugarrena ere bidean dago. Zirimola hau pasatuta hasiko gara disko berria grabatzen.
Margoa lehortzean?
Bai, bai! Oraindik itoginak ditu koadroak… Badaukat gogoa hirugarren hori egiteko. Zazpi abesti prest ditugu jada.
Zergatik sortu zenuen Beira taldea? Plazan esan ezin dituzunak adierazteko?
Bertsolaritza kristoren erraminta da, eta gauza asko eman dizkit bizitzan. Hasieran idazleago nintzen, baina bertsoek gehiago engantxatu ninduten. Izan ere, publikoarekin duzun feedback-a desproportzionatua da. Baditu mugak ere: inprobisatzea. Eta inprobisatzean ez duzu esan nahi duzun guztia esaten, edo esan nahi duzun moduan esaten. Beiran badaukat tarte hori.
Bestalde, gai jartzaile baten agindupean gaude. Tematika ez dago gure esku, eta hor ere muga handi bat dago. Metrika aldetik ere, ezberdina da. Bertsotan, 7-6 eta 10-8ko metrikak daude, bat errimatu gabe eta bestea errimatuta. Dezimak, quintillak, badaude bertso edo estrofa batzuk bertsotan egiten ez ditugunak, doinurik ez dagoelako, besteak beste. Doinu horiek sortu nahi ditut, egun batean norbaitek bertsotan erabili nahi balitu.
Zuzenekoetan inprobisatu egiten duzue, ezta?
Inprobisatu baino, egokitu egiten gara. Hamarna kanta daude disko bakoitzean, eta beste hainbeste baditugu argitaratu ez ditugunak. Horietako batzuk hartzen ditugu, eta aste horretan gertatutakoren albiste batekin moldaketa egiten dugu.
Gainera, herriko artista bat gonbidatzen dugu. Niri ez dit lan handirik suposatzen —kontaktatzea kenduta—, baina musikariei buruko min handiagoa ematen die, azken momentura arte ez dakitelako zer egingo duten.
Nik badut oroitzapen bat. Mikel Markezek eta Pako Aristik
Ilargi betearen ordua ikuskizuna eman zutenekoa. Ume mukizua nintzen garai hartan, eta gonbidatu egin ninduten. Bi idolo ziren niretzako, eta izan zuen esanahia eta eman zidan satisfakzioa kontuan hartuta, guk ere egiten dugu.
Tokian tokiko publikoarekin harremana sortzen da, ezta?
Baietz uste dut. Aste honetan [pasa den ostiralean] Oñatin egongo gara, eta Maider Arregi hemeretzi urteko bertsolari kañera gonbidatu dugu. Hemendik urte batzuetara oso ezaguna izango da.
Igor Arruabarrenak, aurkezpenean esan zuen “tripako mina” eman zizula abestiak mozteak. Nola eraman duzu?
Ongi daramagun borroka da. Bikote ginenean, nik ez nuen bere musika ukitzen eta berak ez zuen nire letra moldatzen. Orain lau baten kontra gara… Ikasi ditut zeintzuk diren musikaren estandarrak. Ez dut guztiz amore eman nahi, hala ere.
Ikusi dut kontzertuetan, oso luzeak diren kantuetan, jendeak deskonektatzeko joera duela. Motzagoa izan behar du. Kontsumo azkarrera ohitutako gizartea dugu, eta hiru bertsoko sortak ere luze samar egiten zaizkio zenbaiti. Diskoan, batez bestekoa, hiru edo lauko media dugu. Aurrekoan sei edo zazpikoa zen. Datorren diskoan, bi edo hiruko mediarantz joan naizela konturatu naiz. Birpentsatu, eta bertso sorta luze horietara itzuli nahi dut. Denetarik egon dadila. Zaila da: bertsora gehiegi mugatuz gero, gure entzulea mugatzen dugu. Baina urruntzen bagara, eta musika talde bat gehiago baldin bagara, gure izaera pixkat galduko genuke.
Balio erantsi hori, alegia.
Ni ez naiz kantaria, ni baino abeslari hobeak daude. Aportatu nahi dutena letren bidez aportatzen saiatzen naiz, eta uste dut mantendu behar dela.
Buelta asko ematen dizkiozu bertso sorta bati?
Erlatiboa da. Bertsoak oso azkar idazten ditut. [Pasa den] ostiraleko kontzerturako bertsoak, adibidez, ez ditut idatzita. Ez nago urduri, badakidalako 22:30ak baino lehen idatziko ditudala. Azkar idazten dut, bai, baina idazten ez zauden denborak ere kontatzen duela uste dut. Idazten hastea da kostatzen zaidana.
Bada asko kostatu zaizun abestirik?
Bai. Nire buru hari abestia poperoa atera zaigu, baina doinu alaia izan arren, letra iluna da. Duela sei bat urte, momentu baxu batean, hasitako bertso sorta bat da. Distantziarekin erabaki nuen argitaratzeko prest zegoela.
Ez direla hasi eta bukatu.
Nigatik, abesti asko ez lirateke bukatuko. Sar dadila kalabazan abestia sei ipuinetan oinarritzen da. Idatzi, zortzi edo bederatzi idazten ditut. Kontzertuetan ezberdin kantatuko nituzke, baina publikoak letrak jakitea gustuko du.