FEDER funtsari eskatu diote diru laguntza, bidegorri sarea luzatzeko eta argiteriaren efizientzia handitzeko.
Oiartzungo bidegorri sarea handitu nahi du udalak, auzo guztietara iristeko.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, 2.100.000 euroko diru laguntza eskatu dio Europako Batasuneko FEDER funtsari. Bi proiektu finantzatu nahi ditu udalak, herrian dauden beharrak asetze aldera. Batetik, bidegorria hobetu eta luzatu nahi dute, eta bestetik, argiteriaren efizientzia energetikoa handitzea.
Partidarik handiena bidegorriko lanek eramango lukete: 1.600.000 euro. Sarea hobetzeaz gain, Gurutze eta Karrika auzoekin loturak egin nahi dituzte. Argiteriaren aldaketak eramango luke gainontzekoa. Udalak gogorarazi duenez, 2014an jarri zuten efizientzia energetikoa handitzeko plana, baina diru laguntza horrek sare guztia azkarrago aldatzea ekarriko luke.
Erakundeekin elkarlana
Aldundiarekin zein eskualdeko gainontzeko hiru udalerriekin elkarlanean aritu da Oiartzungo Udala. Horrela, jakinarazi dutenez, eskualdea orokorrean hobetzeko konpromisoak hartu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Laguntzen dituen proiektuen erdia finantzatzen du FEDER funtsak. Oiartzungo kasuan, aldundiak kostuaren %35 ordainduko luke eta udalak gainontzeko %15. Ekainean erantzungo diete ea diru laguntza jasotzen duten. Hala balitz, 2020ra arte izango lukete obrak egiteko epea. “Bost urtetan”, gaineratu du udalak, “bidegorri sare integrala eta ongi aprobetxatutako argiteria sistema izango sistema izango genituzke”.