Parekidetasunarekin ados daudela esan du EAJk, baina EH Bilduk aurkeztutako mozioaren edukia "absolutuegia" dela iritzi dute jeltzaleek.
EAJko zinegotziak (eskuineko lauak) mozioan abstenitu egin ziren.
Otsailari dagokion ohiko plenoa egin zuen atzo Oiartzungo Udalbatzak, hamar punturekin. Gairik mamitsuena EH Bilduk aurkeztutako
Feminismotik eraldaketa sozialera mozioarena izan zen, martxoaren 8ari begira osatutakoa. Egunaren jatorriaren testuingurua azaldu ondoren, ordutik berdintasunaren bidean urrats asko eman direla uste dute koalizio soberanistako kideek.
“Legeak badaude, baina oraindik badira eman beharreko pausuak”, azaldu zuen EH Bilduk. Horrela, “berdintasun faltsuaren diskurtsoa” salatzen du mozioak, eta krisia eskubideak kentzeko aitzakia dela uste dute, “bereziki emakumeen eskubideak”. Gainera, emakumeen enplegu duina eta zaintza lana partekatuak bermatzeko, zein sexu erasoekin eta”emakumeen aurpegia duen” prekarietatearekin bukatzeko konpromisoa duela baietsi zuen koalizioak. Gainera, herri mailan, sei konpromiso hartuko dituzte, udal gobernu talde bezala:
- Emakumeen errealitatea ikertzeko konpromisoa.
- Kale izendegian emakumeen presentzia handiagotzea.
- Udalak hizkuntza ez-sexista erabiltzea.
- Festetan, herriko eragileekin elkarlanean, parte hartze parekidea bultzatzea.
- Udaleko sailetan, genero ikuspuntuaren transbertsalitatea ezartzea.
- Martxoaren 8ari begira, herriko emakume taldeek deitutako jarduera eta mobilizazioetan parte hartzea.
Antiju Morik talde feministako kide batek hitza hartu zuen segidan, taldearen izenean eta Oiartzungo Feministen Asanbladaren ordezkari bezala. EH Bilduren konpromisoa eskertu zuen, baita feminismoa bera lantzea ere. Bide horretan jarraitzea animatu zituen, eta “feminismo” hitza erabiltzeagatik zoriondu zituen: “Hitz hori beldurrik gabe erabiltzen duzue, eta eskertzen da, badirudielako beldurra dagoela”.
EAJk, abstentzioa
Rafael Bergaretxe EAJko zinegotziak bere udal taldea abstenitu egingo zela iragarri zuen. “Ez gara abstenituko parekidetasuna eta emakumeak erabakiguneetan egon behar dutela partekatzen ez dugulako, baizik eta testua oso absolutua iruditzen zaigulako”, esan zuen Bergaretxek. Bere ustez, ez dago “feminismo unibokorik”, eta mozioak “erradikaltasun puntu bat” du.
EUDELek martxoaren 8ari begira ateratako adierazpen instituzionala irakurri zuten, “egokiagoa” delakoan.
Agurtzane Lekuona Feminismo zinegotziak udalak antolatutako genero formazio saioetara gonbidatu zituen zinegotzi jeltzaleak. Jexux Leonet alkateak, bere aldetik, “frustrazioa” zuela adierazi zuen, “adostasun batera ez iristeagatik”.
Lurbizi egitasmoa, aurrera
Lurbizi egitasmoaren berri eman zuten. Alkatetza dekretu bidez, udalerriko lehenengo sektorea bultzatzeko asmoa du udalak. Izan ere, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak gainbehera izan duela atzeman du udal gobernu taldeak, eta “kanpoko jarduerei gero eta gehiago lotua dagoela”.
Horrela, hainbat lan ildo martxan jarriko dituzte. Nekazaritzarako lur gehiago bideratu nahi dituzte, lur jabe eta ekoizleak artean harremanetan jarri edo autoekoizpena bultzatu, gero kontsumo taldeen bidez saltzeko. Behemendirekin elkarlanean ariko dira.
Gainontzeko puntuak
Gai zerrendako beste puntuei dagokienez, Oiartzun Irratiari diru laguntzak ematea aho batez onartu zuten. Horrez gain, udaleko langile batek beste lan batekin duen bateragarritasuna aztertu zuten, baita Oarsoaldea Garapen Agentziari egin beharreko ekarpena ere. Errezibo eta isun batzuk bertan behera uztea onartu zuten. Galdera eta eskaeretan, udalak martxan jarri duen
etxebizitza hutsak alokairura bideratzeko planari buruzko informazioa eman zuen alkateak.