Kontsumo kooperatiba bat martxan jarri nahi dute Oarsoaldean. Bertako ekoizleek sortutako produktuak salduko dituzte bertan. Horretarako, mila bazkideren bila doaz.
Elikagaien esparruan erreferente izan nahi duen kontsumo kooperatiba sortzeko mila bazkide lortu nahi dituzte; herri bakoitzeko denda bana zabaltzea da asmoa.
Azalera handiko saltokiak ugaritzen ari dira Oarsoaldean zein Bidasoan. Dauden mordoaz gain, berri batzuen irekiera iragarri dute. Autoa erabiltzea bultzatzen duen kontsumo mota berri horiei alternatiba berriak sortzen ari zaizkio.
Kontsumo talde txikiak egon badaude udalerrietan, baina hordagoa jo nahi du Oarsoaldeko talde batek: kontsumo kooperatiba handia sortu nahi dute. Ez da erronka makala izango: mila bazkideren bila hasiko dira, eta eskualdeko udalerri bakoitzean denda bana jarri nahi dute. Euren hitzetan honelakoak izango dira egitasmoaren ezaugarriak: «Elikagaiaren esparruan erreferente izan nahi dugu, ilusio piztuko duena eta indar gaitasuna dugula sinetsaraziko diguna».
Mila bazkide lortzea nolanahiko marka ez dela aitortu du Jon Legorburuk, «baina horretara goaz». Kooperatiba sortzeko talde motorrean dabil lezoarra, eta iragarri du hilabete honetan hasiko direla bazkidetza biltzeko zein informatzeko kanpainarekin. Bailaran egiten diren festetan eta bestelako ekitaldietan present izango dira.
Jaten duguna ezagutu
Oarsoaldean hipermerkatuen ugaritzeari dagoen joerari erantzuteko modu bat izango da kooperatiba. «Nik ez dakit zer erosten dudan horrelako denda batean», esan du Legorburuk. «Joaten gara, inkontzienteki erosten dugu eta jan egiten dugu. Badakigu marka handi horiek nola ibiltzen diren: kanpoan egiten dituzte produktuak, gutxi ordaintzen diete ekoizleei, hona ekartzen dituzte…». Horrekin bukatu nahi dute kooperatibaren sustatzaileek, «gure soldatak hemen uzteko».
Zerbaiten kontra baino, zerbaiten alde jaioko dira. Hemengo ekoizleentzako pizgarri izan nahi dute. Adibide bat jarri du Legorburuk: «Gazte talde batek marmelada egiten badu, zergatik ezin dute enpresa txiki bat sortu eta ekoizle izan? Guk hori saldu nahi dugu, eta bide batez, pizgarri izan. Bertako ekoizleei modu duinean ordaindu nahi diegu».
Izan ere, Oarsoaldean ekoizle gutxi daudela iritzi du, eta ortuko edo baserriko lanabesak hartuko dituzten jende gehiago animatzea nahi dute. Orain arte urratsa eman nahi zuten, baina merkaturatzeko biderik ez zuten horien akuilu izan nahi dute.
Horrela, ekoizleen zerrenda bat osatzen hasi dira. Ez bakarrik: Behemendiren laguntza dute jardun horretarako, baita beste batzuentzako. Oarsoaldea Garapen Agentziara eta udaletara ere joko dutela jakinarazi du Legorburuk.
Bitartekaririk ez
Oarsoaldeko ekoizleekin harremanetan jarriko dira lehendabizi, eta haiek produkturik ez balute, Euskal Herriko beste toki batzuetako ekoizleenak ekarriko lituzkete. Izan ere, kontziente dira eskualdeko lehen sektorea ez dagoela egoera onenean.
Bi kasuetan, baina, bitartekaririk gabeko salmenta izango da. «Gutxi gorabehera, ehunekoak horrela dira: %80 ekoizlearentzako eta gainontzekoa kooperatibarentzako, gastuak ordaintzeko», azaldu du. Irabazirik gabeko kooperatiba izango da, eta ateratako diruarekin soldatak, lokalak edota alokairuak ordaindu nahi dituzte. «Horretarako zer behar den? Masa bat, mila lagun gure kasuan. Oarsoaldea toki egokia dela uste dugu», iritzi du lezoarrak.
Salduko duten produktua kalitezkoa izango da, ekoizlea ezagutuko dutelako, eta naturaren ziklo eta baldintzak errespetatuko dituelako. Gainera, baratzeak edo ikuiluak ematen duten uztako produktuak prezio justuarekin salduko dituzte. «Agian ez gara saltoki handien preziora iritsiko, baina hortxe ibiliko da», aurreikusi du. Kooperatibako langile eta ekoizleei soldata «duina» ordaindu nahi diete, «ordutegi onarekin».
Hori guztia auzolanaren filosofia jarraituz eramango dute aurrera egitasmoko kideek. Bazkide diren herritarrek jarrera aktiboa izango dute, eta asanbladan ahotsa eta botoa izango dute: «Asanblada batera joateko eskubidea duzu bazkide izanez gero, eta han nahi duzun produktua eska dezakezu. Aztertzen da ekar daitekeen ala ez, eta ahal bada ekartzen da. Txinako produktu bat bada, ez». Ekoizle eta kontsumilatzailearen arteko «aliantza» bilatuko dute, eta Euskal Herrian «aitzindari» izan nahi dute.
Horrela, bi astean behin biltzen hasi da kooperatibaren talde motorra, eta estatutuak idazten ari dira egun. Hasierako pausoak, baina, elkarte moduan egingo dituzte, gero kooperatiba bilakatzeko.
Kooperatiba martxan jartzeko ardura duen taldea, bilera baten ondoren. hitza
Kuota baxua
Bazkide izan nahi dutenek urteko kuota ordaindu beharko dute. Talde motorrekoak kontziente dira ezin dietela gehiegi eskatu: «Hau ez da elkarte gastronomiko bat bezala, hasieran 600 edo 1.000 euro eskatzen dituztela. Ez gaude horretarako. Bazkidetza ia sinbolikoa izango da: 35-40 euroren bueltan egongo da». Bazkide egiten direnek aukera izango dute beren udalerrian ireki nahi duten dendara joateko, eta bertan erosteko. Salmenta gunea lokalizatuta egoteak erosotasuna emango diela uste dute.
Urteko kuotek ematen duten kopuru hori diru iturri garrantzitsua izango da —40.000 euro, helburuak betez gero—, baina diru iturri nagusiena eguneroko erosketatik etorriko dela ziurtatu du Legorburuk.
Proiektuak ez du soilik produktuen salmenta bultzatuko: topagunea izatea nahi dute. Hitzaldiak, sukalde tailerrak eta bestelako ekitaldiak ere sustatuko dituzte, gaiarekin lotutakoak betiere. Horrez gain, erosketak udalerrietan egitea bultzatu nahi dute, eta horretara bideratuko dituzte bazkideak.
Legorburuk argi utzi nahi izan du ez datozela inori konpetentzia egitera: «Ez gara herri denden konpetentzia izateko jaio, eta eurekin hitz egingo dugu, ikusteko zein produktu dituzten. Dauden dendekin bateragarri izatea da gure helburua. Beraiek ere hurbildu nahi ditugu gure proiektura, eta gure ekoizleekin harremana edukitzera gonbidatuko ditugu».
«Irabazirik gabeko kooperatiba izango da, eta dirua langileei bideratuko diegu»
Jon Legorburu, Kooperatibaren talde motorrekoa
Nahiko baikorra da egitasmoaren etorkizunarekin. Euren helburua da lehenengo dendak datorren urtean irekitzen hastea. Horretarako neurgailua, baina, udarako kanpaina izango da. Errigora iniziatiba egiten den garaiarekin izango litzateke. Izan ere, erreferente da Nafarroako Erriberako produktuak eskaintzen dituen proiektua: «Nafarroako produktuak ekartzen dira. Eskualde horri bizitza ematen diozu, eta indar handia dute kanpaina horiek. Oarsoaldean produktu asko saltzen dira, eta horrek indarra badagoela pentsarazten du».
Politikatik atera
Legorburuk aipatu duenez, egitasmoa «politikatik atera» nahi dute, eta horretarako udalerrietako eragile gehienengana iritsi. «Ezin du ghetto bat izan», baietsi du. Herritarrei aukera bat nahi diete alternatiba bat eduki dezaten. «Egingarria da, eta ikusi ditugu Iruñeko, Usurbilgo edo Martuteneko adibideak, nahiz eta azken bi horiek ezberdinak diren», gaineratu du.
Kooperatibaren lurra goldatzen hasi dira, behintzat. Uzta emango duten mila haziak behar dituzte orain.
Helburuak
- Elikadura burujabetza indartu. Euskal Herria saretuz, eta alderantziz.
- Aliantza. Oarsoaldeko eta Euskal Herri osoko ekoizleen eta eskualdeko kontsumitzaileen artean, kooperatibaren bidez.
- Bertako produktuak. Bailarako ekoizle guztiei zabalik.
- Eskaintza erakargarria. Zerbitzu erosoa eskainiz.
- Prezio justua. Bitartekorik gabe.
- Kalitatezko produktuak. Ekologikoak edo bide horretan urratsak eman nahi dituztenak.
- Bestelako gizartea sortzeko ekarpena. Bitartekorik gabe.
- Kontsumitzaileen osasuna zaintzen duena. Naturaren zikloak errespetatuz.
- Tokiko ekonomia sustatzearen aldeko apustua. Multinazionalei dirua eman beharrean.
- Duintasuna. Proiektuko langileen lan harremanetan zein baldintzetan.
Iruñeko Landare kooperatiba, Oarsoaldekoaren erreferentzia
Mende laurden darama martxan Landare kooperatibak, eta 2.500 bazkide ditu . Modu asanblearioan erabakitzen dituzte langileen orduak eta soldatak.
Arrotxapeako dendak 320 metro koadro ditu.
Oarsoaldeko kontsumo kooperatiba ez da Euskal Herriko lehenengoa izango. Iruñeko Landare kooperatibak ia mende laurdena darama lanean. Nafarroako hiriburuko, Iruñerriko zein herrialdeko beste hainbat tokitako bazkideak dituzte. Ehun bazkiderekin hasi zuten proiektua 1992an, eta orain 2.500 inguru dira.
Oarsoaldeko kooperatibako kideak bertan izan ziren, Landareren funtzionamendua ezagutzen. Legorburuk aitortu duenez, «begiratu beharreko ispilua da». Iruñea inguruan ere azalera handiko saltoki ugari dituztela nabarmendu du, «baina kooperatibak oso ongi funtzionatzen du».
Bertako langileek modu asanblearioan erabakitzen dituzte langileen soldatak, baita beste hainbat gauza ere: 35 ordu egiten dituzte lan, haiek hala erabakita, eta 1.200 euroko soldata kobratzen dute. «Horrelako zerbait egin behar dugu hemen», esan du Legorburuk. «Jendeari komentatzen diogunean, zalantzak dituzte… Hau Iruñean bezala egin behar dugu, modu duinean, bestela ez dugu ezer egingo», gaineratu du.
Esnea, produktu izarra
Iruñean ekoizle berriak sortu dituztela jakinarazi du: «Gehien saltzen duten produktua espelta —edo beste landare batzuk— oinarri duen esnea da. Litroka saltzen dute, eta jendea haraino joaten da erostera. Jendeak gero eta gehiago hartzen ditu produktu ekologikoak».
Nabarmendu du Landare dela begiratu beharreko ispilua, eta elkarlanean ari dira: «Lagunduko digute, eta interesatzen zaie ditugun ekoizleekin harremanetan egotea».
Bi denda ditu Landarek. Bat Atarrabian, 50 metro koadrokoa. Bestea Iruñeko Arrotxapea auzoan. Duela bi urte ireki zuten 320 metroko denda, eta ehun metroko gela bat dauka, ekitaldiak egiteko.
2.500 familia daude bazkidetuta, eta guztira 6.000 lagun ingururi saltzen dizkiete produktuak. 3.000 erreferentzia ditu Landarek.