[Argazki galeria] Erabakitzeko eskubidearen alde urratsa egin dute Lezon
Lezon inoizko elkarrizketa saio zabalena eta anitzena egitea irudikatu dutela esan dute, Lezoko Gure Esku Dago dinamikaren ordezkariek.
Demokraziaren aldeko adierazpena egin dute gaur lezoarrek. Gezalan bildu diren hamarnaka lagunek, herri kontsultaren alde egin nahi dutela adierazi dute, eta horrenbestez, lehen urratsa egin dute gogo hori egi bihurtzeko. Lezoko Gure Esku Dago dinamikaren ordezkariak 2017ko martxoaren 19an Demoarsok Oarsoaldeko lau udalerrietan egingo duen herri kontsultara begira jarri dira, eta hasi dute bidea. Aurkezpen ekitaldia Ainhoa Olaizolak gidatu du. Musika eta dantzariak ere izan dira gaurko agerraldian, Ainhoa Intxaurrandieta izan da oholtza gainean abesten, eta berekin batera dantzariak, baita bideoak ere. Gure Esku Dago dinamikak herrian egindako ekimenetan jasotako herritarren argazkien bideoa ere erakutsi dute gaurko aurkezpenean. Bide orria zehaztuta Lezoarren bide orria zehaztu du Olaizolak ordubete inguru iraun duen ekitaldian. Lehen geltokia gaurkoa izan dela zehaztu du, eta hurrengoa mendekosteekin batera helduko dela: “Herriko jaiak Demoarso gizarteratzeko eta sinadurak biltzeko baliatuko dugu”. Izan ere, 600 sinadura bildu behar ditu dinamikak Lezon, gaur bertan horietako mordoxka jaso ditu ekitaldia hasi aurretik Gezalan jarrita zuten mahaian. Hilabetearen 21ean berriz, herritar guztiak deitu dituzte galdera adostera, “garrantzitsua da ahalik eta jende gehiena biltzea zein galdera egin nahi dugun zehazteko”. Ekainaren 4an berriz, Oarsoaldean jasotako sinadurak aurkeztuko dituzte, “lau udalerritan jasotakoak batera”. Udazkenetik otsailera berriz, “demokrazian sakontzen” jarraituko dutela gaineratu du lezoarrak, eta horretarako dinamikak hitzaldiak antolatuko ditu, besteak beste. 2017ko martxoaren 19 uste dena baino hurbilago dagoela ere esan du. Azkenik Aitor leonetek hartu du hitza Demokraziaren Aldeko Lezoko adierazpena irakurtzeko. Lezon inoizko elkarrizketa saio zabalena eta anitzena egitea irudikatu dutela esan dute, “gertuko jendearekin hasita, baina hurrunago ditugun horiengana ere helduko dena. Desberdinon arteko ilusioa partekatua sortzeko gai izango dena. Herri atxikimendua indartzeko gai izango dena, eta herri gisa , batera jarduteko bidea emango duena”. Erabakitzeko gai den herri bat irudikatzen dutela esan dute dinamikaren ordezkariek, “elkartasunez beteriko herria”. Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak egiten mundua alda dezakela argi dutela ere esan dute. 2017ko martxoaren 19 Demoarsok herri kontsulta egingo du Errenteria-Oreretan, Lezon, pasaian eta Oiartzunen datorren urteko martxoaren 17an. Garrantzitsuagoa izango da eguna, baina are garrantzitsuagoa hartara eramango duen bidea. Lezoko Gure Esku Dago, dinamika bera lezoarrak batzeko balioko duela sinistuta azaldu da gaur egin duen agerraldian, “data horretara, gaur egun baino kohesionatuago eta trinkotuagoa egongo da herria”. Erronkari ilusioz erantzungo diote gainera, “beste batzuek erakutsi digutelako arazo hauelk konpontzeko modurik egokiena dela herritarron esku uztea erabakia. Uste dugulako Eskozia eta Katalunian bezala, Lezon eta Euskal Herrian ere egin daitekeela”. Herri kontsultaren alde abiatutako dinamikak, “demokrazian sakonduko” duen zalantzarik ez dute, “horretarako sortu da Demoarso” esan dute. Eta emaitzari baino, bideari jarri nahi diote arreta, “bideak sortzen digulako ilusioa”. Dinamikaren amaieran Lezoko jendea eta herriko plazak ez direla berdinak izango gaineratu dute, “bideak egingo duelako bidaiaria, eta bidaiariok eraldatuko dugulako helmuga”. Eta hain garrantzitsua den bide horretan bidaide izatera deitu dituzte gaurko agerraldiaren bidez lezoar guztiak: “zuekin egin nahi dugu bidea eta zuetako bakoitzak ere inguruko lagunak bide honetara ekartzea nahi dugu. Hogeik ehun, eta ehunek bostehun, azkenean herri osoak pausua emateko”. Txalo zaparrada artean amaitu du interbentzioa Leonetek eta kanpoaldea, familia argazkia egin dute bertaratu direnek. Lana badute, adierazpenarekinbatera bost gonbidapen jaso ditu pertsona bakoitzak herri kontsultaren aldeko dinamikara hurbiltzeko beste hainbeste hurbileko. Ilusioz hasi dute bidea.