Ziriza etxean moto zaharren bilduma ikusgarriak ikusgai daude; igandera arte egongo da zabalik erakusketa.
Moto oso zaharrak, bilduma ikusgarriak daude Zirizan.
Motoak nonahi. Motorzaleek herria hartuko dute igandera bitartean,
Wheels&Waves jaialdiaren barruan Trintxerpeko Ziriza etxean atondu duten III. Art Ride erakusketak erakarrita. 10.000 lagun bisitatu zuten iazko erakusketa Miarritzen, eta beste hainbeste espero dituzte datozen egunotan Pasaian.
Gaur goizean aurkeztu dute erakusketa, Pasaiako Udaleko ordezkaritza zabala bertan zela. Haien ondoan, erakusketako produkzio arduradunak, erakusketarako bildumak utzi dituzten motorzaleetako batzuk eta beren artelanak Zirizara ekarri dituzten hamabi artisten ordezkariak. Ordurako ere, motorzale ugari bildu da Ziriza etxearen bueltan.
Bitxi asko ikus daitezke Zirizan, baina batez ere,
vintage motoak dira protagonistak. Surfak eta skateak ere badute tokia, baita ilustrazioak, argazkiak, ikus-entzunezkoen produkzioak… guzti-guztiak motoaren kulturarekiko pasioaren erakusgarri.
Erakusketa igandera arte dago zabalik, 11:00etatik 21:00etara, etenik gabe. Sarrerak 5 euro balio du.