Botere harremanak iraultzea. Horixe du helburu Haziak egitasmoak. Oiartzunen sortu dute
diziplina anitzeko profesionalen ekarpenez, eta bertan hasi dira lanean, zabaltzeko asmoz.
Haurtzaro ikastolan, Idurre Ugaldek gidatutako saioan.
Gatazkak nahi baino gehiagotan sortzen dira egunero, urrutian, baina baita norberaren inguru hurbilenean ere. Ikasgelan, etxean, herriko plazan… harremanak nahi baino korapilatsuagoak izaten dira maiz. Arazoarekin jabetuta abiatu dute aurten Oiartzunen
Haziak egitasmoa. Proiektu hezitzailea da, diziplina eta entitate anitzekoa, harreman osasuntsuak sustatzeko sortua.
«Botere harremanen inguruko proiektu bat da», horixe du ezaugarri nagusi Haziak-ek, egitasmoko dinamizatzaile Nekane Martiarenak azaldu duenez. «Botere harremanak, osotasunean hartuta: helduok haurrekiko duguna, helduek helduekiko, naturarekiko, gizartean gertatzen diren harremanak…». Izan ere, Haziak egitasmorentzat botere harremanak «gorputz bat bezala» dira, eta gorputz horri «ikuspuntu poliedriko batetik» begiratu behar zaiola azaldu du Nora Barrosok, «nondik begiratzen zaion, botore harreman horrek forma ezberdin bat izango duelako».
Barroso Haziak egitasmoaren dinamizatzaileetako bat da, eta Martiarena bezala, proiektuaren definizioan eta sorkuntzan parte hartu du. «Botere harremanak esaten dugunean, guk horren muinera joan nahi dugu, gero lanketak ikuspuntu ezberdinetatik egiten direlako» nabarmendu du.
Botere harremanak irauliz
Beste kasu askotan bezala, Haziak behar batetik sortutako egitasmoa da. «Oinarri bat izan behar dugu egoera berriei eta egunero ematen diren botere harreman horiei erantzuteko», ohartarazi du Barrosok. «Lehenik eta behin sumatu», ohartarazi du, askotan ez garelako kontziente: «Batzuetan gu ere bizi gara harreman baten menpe eta ez gara konturatzen, edo gu gara boterea eragiten dugunak haurrei, helduei, edota naturari… eta ez gara jabetzen».
Hezkuntza formala eta ez formala landu, eta azken emaitza sozializatzen dute
Harreman osasuntsuak sustatuz bizikidetza hobetu nahi dute
Horregatik, hain zuzen, proiektuarekin baliabideak eskaini nahi dituzte, botere harreman horiek borrokatzeko, eta harreman osasuntsuagoak eraikitzeko lan tresnak. Baina ez bakarrik haurrei, «helduoi ere, eta herri bezala. Guk kolektibo bezala, badugulako erantzukizun bat».
Partaidetza
Diziplina anitzeko profesionalek parte hartzen dute Haziak egitasmoan. Musikariak, fisioterapeutak, pedagogoak, hezitzaileak…askotariko profesionalek egin diote ekarpena proiektuari, baina baita haurrek ere. Haurrak protagonista nagusiak dira Haziak egitasmoan, hartzaile nagusiak, baina ez hartzaile soilak, beren ekarpenekin ere elikatzen delako egitasmoa. Eta partaide dira baita ere, nola ez, irakasleak.
Pello Añorgak Esan Ipuinekin saioak gidatu ditu.
Haziak egitasmoak Oiartzungo ikastolan hasi du bidea, Haurtzaron, eta landu dituzten gaiak irakasleek proposatutakoak izan dira. «Nondik jo irakasleek esan digute, beraien beharren arabera. Irakasleen parte hartzea hasieratik dago, definiziotik. Errealitate batetik abiatu nahi genuen, eta errealitate hori irakasleek eman digute», zehaztu du Martiarenak.
Haurtzaron, aurten, enpatiaren gaia landu dute Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleekin, eta LHko 5. eta 6. mailatan harremanen kudeaketa landu dute, norbanakotik taldera.
Hezkuntza ez formala
Egitasmo hezitzailea den heinean, haurrak ditu protagonista nagusi, eta eskola interesgune nagusienetakoa, baina ez bakarra. «Gure ustez ez da eskoletako arazo bat, eta horregatik ez dugu bakarrik zentratu nahi eskoletan», azaldu dute.
Haziak proiektuan heziketa formala eta ez formala hartzen dute kontuan, eta ez dira horretara mugatzen. Egiten duten lan guztia sozializatu egiten dute. «Egiten denaren sozializazio bat ere badago, herrira ere zabaldu nahi dugulako. Haziak landatu nahi ditugu herrian», esan du Martiarenak.
Oiartzunen Abaraxka ludotekaren bidez ari dira lantzen egitasmoa hezkuntza ez formalaren esparruan. «Hezkuntza ez formalaren bidetik haur gehiagorengana iristen gara, eta gainera beste modu batera», nabarmendu du Barrosok. «Aisialdia erabat hezitzailea da eta aisialdiaren bitartez gai asko landu daitezke, beste modu batera. Guretzako biak daude pareko», gaineratu du Martiarenak.
Baina sozializazioa harago doa. Burutzen duten ekintza oro egitasmoaren webgunean zintzilikatzen dute, sortu duten material didaktiko guztia bezala, Creative Commons lizentziarekin.
Askebideak
Hezkuntza formalean aritzen direnean ere, «nahiko ez formalak» direla aitortu dute Barrosok eta Martiarenak, eta haurrekin egiten dituzten saioetan darabilten metodologia ez ezik, Askebideak aipatu dituzte horren froga gisara.
Saio bakoitzaren bukaeran haurrari ikusi, ikasi eta bizitakoa adierazteko ematen dioten aukerari eman diote Askebide izena. «Haurrari nahi duen moduan adierazteko aukera ematea da kontua, horregatik Askebide, zuk barruan duzun hori askatzeko bidea ireki nahi duelako».
Barrura begira hasi eta partekatuz bukatu, bizitakoak hausnartuta
Batera abiatu, eta ahalik eta haur gehienengana iritsi, modu eraginkorrenean, ikaskuntza esanguratsua lortze bidean. Horixe da Haziak egitasmoan sortu duten metodologiaren helburu nagusia. Saio guztietan darabilte, aurkezten den gaia edozein dela. «Guretzako oso inportantea da haur bakoitzak izan dezala bere denbora», nabarmendu du Nekane Martiarenak. Horregatik, saio bat abiatzen duten aldiro, lehenik eta behin haurra tokian kokatzen saiatzen dira, «nolabait esateko
reseteatzeko aukera eman».
Barrurako bidean deitu diote hasierako ariketa horri.
Askotarikoak izaten dira
Barrurako bidean izendatu duten ariketa gauzatzeko erabiltzen dituzten teknikak, gaiaren araberakoak eta beti ere haurren aniztasuna kontuan hartuta. «Helburua ahalik eta pertsona gehiengana iristea da, eta hain justu horregatik, barrurako bidean guztiak desberdinak izaten dira, pertsona guztiak desberdinak garelako eta niretzako baliagarria dena ez delako hala izaten ondokoarentzat. Batzuetan bideoak, beste batzuetan audioak, tonuak… den-dena dago oso-oso neurtuta».
Barrurako bidean bukatuta dagokion gaia aurkezten dute, aurkezpen berezia beti ere, eta aurkezpena amaituta, berriro «barrura itzultzen dira», haurrak bere erantzuna bila dezan.«Haur bakoitzak behar du bere denbora bere iritzia osatzeko, bere baitan zer dagoen pentsatzeko», nabarmendu dute. Denbora hori bermatzea da metodologia honen xedeetako bat.
Partekatze kolektiboa
Azkenik, partekatze kolektibo bat egiten dute beti saio bakoitzaren bukaeran. «Barrutik, kanpora, kanpotik barrura eta barrutik kanpora», ohartarazi du Barrosok. «Askotan ez da konpartitzen, eta botere gehien duena, edo liderra, edota irekiagoa dena gailentzen da, besteei ateratzen utzi gabe.
Banakoen irakaspenak kolektiboan jarriz biribiltzen dituzte saio guztiak, beraz, kolektiboan partaide izan diren denei tokia bermatuz.
Rapa landu dute Lehen Hezkuntzako azken zikloko ikasleekin.
Askebideak
‘Esan gorputzarekin’. Helburu orokorra haurrari bere barnean duena askatzeko bidea gorputz adierazpenaren bidez (erritmoa eta body-perkusioa) irekitzea da. Musikaz gorputza gozatzea, eta bakoitzak dituen gaitasunez zein mugez ohartzea, ezagutzea eta errespetatzea. Odei Astibiak gidatu ditu Haurtzaro Ikastolan egin dituzten saioak, LHko 2. mailako ikasleekin.
‘Esan rap-arekin’. Askebide honen helburu orokorra haurrari bere barnean duena askatzeko bidea rap-aren bidez irekitzea da. Ikasleen hastapeneko lanketa oinarritzat hartuta, ideiak landu eta rap egitura duten errimadun testuak sortzea da xedea. Era berean, Esan gorputzarekin askebidean parte hartzen dutenekin elkarlanerako ateak ireki nahi dira, erritmoak eta errimen errezitatzeak uztartuz. Odei Barrosok gidatu ditu saioak LHko azken zikloan..
‘Esan ipuinekin’. Helburu orokorra haurrari bere barnean duena askatzeko bidea ipuinak sortuz irekitzea da. Bere erara, teknika desberdinen bidez ipuinak sortuko dituzte haurrek, gai desberdinak landuz eta barruan dutena azaleratuz. Pello Añorgak gidatu ditu saioak.
‘Esan irudiekin’. Askebide honen helburu orokorra haurrari bere barnean duena askatzeko bidea marraztuz irekitzea da. Haurrari esaten diote: «Hartu pintzela, hartu margoa eta egizu nahi duzun hori». Inork ez dio zer egin behar duen esango, inork ez dio esango egin duen hori egokia den edo ez. Idurre Ugaldek gidatu ditu Haurtzaro Ikastolan egin dituzten saioak.