Oarsoaldeko udalek badute jaietan egon daitezkeen erasoen kontra ekiteko protokoloa. Hori jendartera zabaldu nahi dute. Jaiak, parekideak eta erasorik gabekoak nahi dituzte.
Udaletako ordezkariak, informazio euskarriekin.
Jai parekideak, eta eraso sexista, homofobo, xenofobo eta transbofoborik gabekoak nahi dituzte herritarrek, eta Oarsoaldeko lau udalek. Horregatik, eskualdeko herriko etxeek sentsibilizazio kanpaina abian dute. Madalenen atarian aurkeztu dute egitasmoa.
Udalek nabarmendu dute jaietan ere elkar errespetua oinarrizkoa dela, elkarbizitza jokabideei ezin zaiela muzin egin, nahiz eta jai giroan, lau udalen arabera, “gizarte arauak malgutu” egiten diren. Horregatik, taberna, txosna eta elkarte gastronomikoetan eskuorriak eta materiala uzten ari dira, errespetuzko jarrerak aldarrikatzeko, “jaiak guztion gozamenerako izan daitezen”. Hala, erasoren bat dagoenean nola jokatu azaltzen da informazio euskarri horietan.
Emakume izate hutsagatik, emakumeek jaietan egoera gogorrak bizi izaten dituztela zehaztu dute udalek, “enbarazu egiten digute, inarrez hartzen gaituzte, edo eraso egiten digute”. Horrek ez du lekurik jaietan ez inoiz udal erakundeen esanetan, horregatik sentsibilizazio kanpainatik harago, herritarrei horien aurrean adi egoteko eskatu diete. Eta eraso egoerak baleude, tokian tokiko Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko deia egin diete herritarrei, “haiek ere kanpaina honen partaide dira. Ertzaintzarekin batera aritzen dira elkarlanean”.
Udalek zabaldu dituzten informazio euskarriak honakoak dira: jai parekideen aldeko kartela
Festetan beldurrak gurekin jai leloarekin; eraso sexisten aurrean jarraitu beharreko protokoloa; eta
Eraso bat ikusi, entzun edo jasaten baduzu erantzun! leloarekin pegatina.
Pegatinaren kasuan, emakumeen komunetan jartzera animatuko dituzte taberna, txosna edo elkarteetako arduradunak.