Atzerapenagatik indargabetu du orain gobernu batzarrak kontratua eta enpresa zigortu.
Ion Collar eta Julen Mendoza gaur goizean egindako agerraldian.
Lekuona eraikineko obren kontratua baliogabetu eta eraikuntza lanetan ari zen Amenabar enpresari 37.053 euroko zigorra jartzea erabaki du gobernu batzarrak, atzerapenagatik. Hiru hilabete atzeratu dira obrak. Gaur bertan utzi dute bertan behera kontratu hori, eta dagoeneko lanean ari da udala lizitazio berria ahalik eta lasterren egin ahal izateko, Julen Mendoza alkateak esan duenez.
Lekuonako lanak 2014ko urriaren 4an kontratatu zituen udalak 4.433.061 eurorengatik. Ondoren kopuru hori 304.543 euroan aldatzea erabaki zuen gobernu batzarrak. Aurtengo apirilaren 4an obra osoaren %54, 22 zegoela egina, eta horrenbestez, ezinezkoa zela kontratuan ezarritako epean obra bukatu jakinarazi zion udalari obren zuzendaritza fakultatiboak txosten bidez. Atzerapenagatik indargabetu du orain gobernu batzarrak kontratua eta enpresa zigortu.
Horrekin batera, erakinaren areto nagusian aldaketak egin behar direla esan du Mendozak, “ondorioz, kontratuan aldaketa nabarmenak egin behar dira, izan ere, hasieran kontuan izan ez ziren ekipamendu beharrak ikusi dira eta”.
Egoeraren ondorioz gobernu taldeari kontratua bertan behera uztea iruditu zaiola egokiena gaineratu du alkateak, “beste leku batzuetan horrela egiten ez den arren, beharrezkoak diren aldaketekin lizitazio berria ateratzea erabaki dugu, edozein enpresak aukera izan dezan eskaintza egiteko gardentasun eta berdintasun baldintzetan”. Kontratu aldaketak ohikoak izaten direla gaineratu du Mendozak, “baina gure ustez ezin dira onartu, are gutxiago kontratuaren zenbatekoa altua denean”.
2017ko urrian amaituta
Lizitazio berria eginda, obrarekin berriz ere hiru edo lau hilabete barru hasiko direla aurreikusi du Mendozak, eta hartutako neurrien bidez, udalak eraikuntza obren gaineko jokabide gardena eta zorrotza erakutsi nahi duela. Dena ondo bidean, 2017ko iraila eta urria artean egongo da egina Lekuona Arte Eszenikoen zentro garaikidea.