Festetan ere kirola egin daitekeelako
Sargoria egin arren, Herri Krosa eta auzoen arteko sokatira txapelketa egin dituzte, beste hainbat kirolen artean.
Kirola praktikatzea gero eta gehiago zabaltzen ari da. “Festa” hitza esaten denean, automatikoki parranda etortzen zaio burura gehiengoari. Oiartzunen urteak dira biak ala biak uztartzen dituztenetik, eta gaur arratsaldea izan da horren isla. Madalensoron auzoen artek sokatira txapelketa egin dute. Nesketan, Ugaldetxokoak izan dira onenak. Ondoren, Gurutze, Elizalde eta Iturriotz geratu dira, hurrenez hurren. Mutilei dagokienez, txapela jantzi dutenak ergoiendarrak izan dira. Atzetik, honako auzo hauetako taldeak: Ugaldetxo, Karrika, Arragua, Altzibar, Iturriotz eta Gurutze. Marmikrosek antolatuta, bederatzi kilometro luzeko Herri Krosa egin dute, hogeigarren aldiz. 69 korrikalarik hartu dute parte, eta denbora onenak markatu dituzten lasterkariak honakoak izan dira, gizonetan: Ibai Alba Vilches, Raul Gomez Margallo eta Javier Perez Moreno. Honako hiruak dira, berriz, podiuma osatu duten emakumeak: Karen Ortiz de Guinea, Sandra Piera Fortuna eta Ana Cruz Oiartzabal. Oiartzuar onenak Aritz Urdanpileta eta Ainitze Mitxelena izan dira. Haurren krosa nagusien lasterketa baino lehenago egin dute. Pilotak ere izan du bere txokoa. Eguerdiko eskuzko pasakako partidez gain, arratsaldean plaza librean aritu dira, eta iluntzean pilota egokituko erakustaldia egingo dute Madalensoron, hainbat partidaren aurretik. Ez kirola bakarrik Kataxulon egunero, 18:00etan, hitzaldiak egingo dituzte. Hortik gertu, Landetxeko plazan, kontzertu lasaiarekin gozatzeko aukera egon da. Kastroko iturrian ere dantza bilera egin dute. Gauerako, herriko plaza nagusian, Talco ska taldeak eta Yakovlev 42k joko dute, 23:00etatik aurrera. Bihar, berriz, Baserritarren Eguna ospatuko dute. Egitaraua ez da nolanahikoa izango.