Errenteria-Oreretaren ondare historikoa ezagutzeko bisita gidatua egin dute gaur goizean. Datorren larunbatean gaztelaniazkoa izango da.
Lehenengo fabrika, Lino, 1845ean ireki zuten.
Errenteria-Oreretari
Manchester Txikia deitu zitzaion. Ingalaterrako hiriak bezala, industrializazio handia izan zuen udalerriak, eta hamarkada askotan fabrikak izan dira bi hirien paisaiaren parte.
Gaur goizean, industria ondare horri ezagutarazteko bisita gidatua egin dute fabrika haiek zeuden tokietatik, eta lantegien historia aipatzeaz gain, horiek sortzeko baldintzen testuingurua, langileria nork osatzen zuen, bizi eta lan baldintzak nolakoak ziren eta beste hainbat xehetasun eman dituzte.
Manchesterren bezala, ehungintza izan zen Errenteria-Oreretaren industrializazioaren motorra. 1845ean ireki zuten lehenengo fabrika —Lino lantegia—, eta Gamon Zumardian lehen azalpenak eman ondoren, fabrika hori zegoen plazara jo dute. Ondoren, alde zaharretik pasatu dira, eta jarraian bisitak honako ibilbidea egin du: egungo paper-fabrika, Olibet, Niessen, jute fabrika (Bizente Elizegi kalean zegoen), Esmalteria, Lanera eta Euskaria —Tulle kalea— lantegiak zeuden tokiak. Hala ere, ez dira bisitan zerrendatu dituzten lantegi bakarrak izan.
Industrializazioaren lehen fasea aztertu dute, lehenengo fabrika ireki zutenetik 1936ko gerrara arte. Orduan eten bat izan zen. Euskarazkoa izan da gaurko bisita gidatua, eta gaur zortzi gazteleraz egingo dute, 11:30etik 13:30era —gutxi gora behera—. Informazio gehiago nahi duenak, Udal Artxibora
idatz edo dei dezake (943 44 96 10).