Errenteria-Oreretako Iztietako anbulatorioan egingo dute elkarretaratzea, astelehenean. Larri gaixo dauden presoen aldeko manifestua ere argitaratu dute.
Gogorzaren etxeratzea eskatzeko mobilizazio ugari egin dituzte.
Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen preso oreretarraren etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea egingo dute datorren astelehenean bere jaioterriko Iztieta auzoko anbulatorioan. Eskualde mailako protesta saioa izango denez, Oiartzungo Sare bertan izango da eta herritarrak gonbidatu ditu bertara joan daitezen.
Asteleheneko elkarretaratzean deialdi berezi bat egingo dute, hilaren 15ean larri gaixo dauden presoen etxeratzea aldarrikatzeko Donostian egingo den manifestaziora joatekoa zehazki. 17:00etan aterako da, Bulebarretik. Horrez gain, manifestu bat kaleratu du Sarek, preso gaixoek osasun zaintza egoki bat jasotzearen alde zein hilaren 15eko manifestuarekin bat egiteko.