Jesus Maria Martiarena alkateak "herritarren nahiari eta eskaerari erantzutea lehenetsi" du.
Pasaian eta Errenterian ere badira bosgarren edukiontziak.
Lezoko Udalaren arabera, hondakinen bilketako datuek agerian utzi dute “bosgarren edukiontzia atez atekoa bezain eraginkorra edota eraginkorragoa” dela, eta hori kontuan hartuta edukiontzi berria udalerri osoan ezartzeko pausoak emateari ekin diola iragarri berri du. Zentzu horretan, Jesus Maria Martiarena alkateak “herritarren nahiari eta eskaerari erantzutea lehenetsi” duela baieztatu du udalak.
Zehaztu dutenez, aldaketa Lezon 2017. urtean gauzatuko da. Horretarako udal gobernua oposizioko taldeekin bilerak egiten ari dela eta San Markoko Mankomunitatearekin harremanetan jarri dela aurreratu dute.
Horrez gain, ordenantza fiskalak eta zabor bilketari dagokion ordenantza berrikusten ari direla jakinarazi dute udaleko iturriek, “sistema berriarekin bat etor daitezen”. Dokumentazioaren egokitzapenekin bukatzean, plenora eramango dute gaia, bosgarren edukiontziaren ezarpenari behin betiko onarpena emateko.
Aurrekariak
Lehengo otsailean
sistema mistoa adostu zuten Lezon EH Bilduk eta EAJk. Atez ateko bilketa sistema indarrean zegoen udalerrian 2013az geroztik, baina EH Bilduk azken udal hauteskundeak galtzean, kolokan jarri zen hondakinak biltzeko sistema.
EAJk gobernua eskuratuta, gaiaren gaineko herri galdeketa espero zuten askok, jeltzaleek hala agindu zutelako kanpaina bitartean. Ezustean, baina, sistema misto baten aldeko akordioa hitzartu zuten EAJk eta EH Bilduk. Akordioak hautsak harrotu zituen, orduko alkate
Kepa Garbizuren dimisioa behartzeraino.