Tasa eta zergak izoztea onartu du udalabatzak hiru kasutan izan ezik. OHZ, Hondakinen bilketa eta kudeaketa, eta ura eta estolderiaren zergak igoko ditu.
Ordenantza fiskalen gainean aritu ziren atzoko plenoan.
Gobernu taldeak ordenantza fiskalen gainean egindako proposamena behin behinean onartu zuen atzo plenoak, Errenteria Irbaziz eta EH Bilduren aldeko botoekin. PSE-EEk eta EAJk kontra egin zuten. Onartutakoaren arabera izoztu egingo dituzte zerga eta tasak, hiru kasutan izan ezik. Ur horniketaren eta estolderiaren zerbitzuak igoera izango du, eta erabiltzaileek hiruhilean behin 0,67 euro gehiago ordaindu beharko dituzte. Ur kontagailuen sistema aldatuko du udalak eta irakurketa eskuz egiteko gaur egun dauden kontagailuen ordez, radio frekuentzia kontagailuak jarri behar dituztelako egingo dute igoera . Inbertsio hori 10 urtean egitea aurreikusi du udalak, egungo irakurketa sistemak zaildu egiten duelako hiruhileko irakurketa egin eta ur galerak eta matxurak antzematea.
Hondakinen bilketa eta kudeaketaren tasa ere igoko du udalak 2017rako. %10eko igoera izango du zehazki, baina auzo edo etxe konposta egiten dutenei eta hondakin organikoak bereizten dituzten familiei bonifikazioa igoko diete. Lehehengoek %25eko hobaria zuten eta datorren urtean berriz, %30ekoa izango dute. Edukiontzi marroia erabiltzen dutenek %25eko hobaria izango dute( aurten baino %15 gehiago).
Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den berritze eta eguneratze lanaren ondotik, Ondasun Higiezinen balio katastral berria hurrengo urtearen lehenengo egunean indarrean sartuko da. Eguneratzeak, etxebizitzen balio katastralak igotzea ekarriko du, eta lokalen kasuan jaistea. OHZ Ondasun Higiezinen Zergaren erreziboetan eragin handia izan ez dezan, ondasun higiezinen zergaren karga tasa %16,6 murriztiko du udalak. Hala ere Errenteria-Oreretako etxebizitza askoren kasuan tasa ia bikoizteraino hel daiteke, eta asko izango dira iazkoarekin alderatuta, errezibo horretan kopuru handia ordaindu beharko duten herritarrak.
EAJ eta PSE-EE ordenantza fiskalen proposamenaren kontra
Bi arrazoiengatik bozkatu zutela ordenantza fiskalen kontra EAJk azaldu zuen Maite Peña bozeramaileak: “Zabor bilketaren igoera gehigizkoa da. Uztailean %10 igotzea onartu zuen plenoak, eta orain beste hainbeste igoko da, %21a igoko da beraz. Igoera garrantzitsua da herritarrentzat eta ez gaude ados”.
OHZ zergaren gainean gobernu taldeak proposatutako hobaria ez zaio nahikoa iruditzen alderdi jeltzaileari. Hori izanda ordenantza fiskalak ez babesteko eman duen bigarren arrazoia. “Etxebizitza batzuren balio katastrala handitu egin da, kasu batzuetan %25,8 eta ordaintzeko garaian esfortzu handia eskatuko die herritarrei. Uste dugu udalak %16,6ko bonifikazioa baino handiagoa egin dezakela bilduko duen dirua kontua hartuta”.
Krisi testuinguruarekin bat ez datorrela gobernu taldearen politika fiskala esan zuen Jose Angel Rodriguez alderdi sozialistako bozeramaileak, “hori dela eta ez dugu babestuko proposamena”.
Zergak osotasunean hartu behar
Igoerak eta horiek egiteko arrazoiak banan bana azaldu zituen Jon Txaskok, EH Bilduko zinegotzi eta Ogasuneko arduradunak. OHZ zergaren kasuan, batez ere Errenteria-Oreretako erdialdeko etxebizitzei eragingo diela foru aldundiak egindako berrikuspenaren arabera, “lokal komertzial, garaje eta trasteroetan ia erdira jaitsiko bada ere, etxebizitza askoren kasuan ia bikoiztu egingo da balio katastrala, eta ondorioz, ordaindu beharrekoa: “Gure udalerria herririk deprimituenetako bat dela esan dute orain gutxi eta balio katastral handienetako dutenetako bat da. Kontraesankorra da”.
OHZ zerga bilduta, udalak 200.000 euro jasoko ditu baina zerga eta tasak ezin direla banan bana hartu esan zuen Txaskok, “osotasunean aztertu behar dira. Batzuk udalari dirua emango badiote ere, beste batzuk defizitarioak direlako. Defizitario horiek estaltzeko erabiltzen da jasotzen den diru hori”.
Hondakinen bilketa eta kudeaketaren zerbitzuari dagokionean berriz, udalarentzat defizitarioa dela azaldu zuen Ogasun arduradunak, “egingo dugun igoerarekin ere, %59 an estaliko dugu zerbitzu hori”. Horren aurrean hondakin organikoak gaika bildu, edo etxe eta auzo konposta egiten duten herritarren eredua jarri zuen balioan, “esfortzu bat egiten dute eta horren ondorioz, hobariak izango dituzte”. Une honetan 8.000 familiek biltzen dutela hondakin organikoa berezita esan zuen, “datorren urtean 2010ean ordaindutako kopurua ordaindu beharko dute”. Bide horren alde egitera deitu zituen herritarrak, “ardura kontua da hondakinak berezita biltzea eta kontzientziatu behar dugu”.
Hondakinen bilketa zerbitzuaren igoera, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak egindako igoeraren ondorio dela gaineratu zuen Txaskok: “Errauste plantak kostatuko dituen 1.800 miloi euroak ordaintzeko egin du igoera kontsorzioak”.
Prezioa erdira jaitsi eta balio katastrala bikoiztu
Balio katastralaren igoeraz mintzatu zen Julen Mendoza alkatea: “Etxebizitzen prezioa 2007tik erdira jaitsita, ezin dut ulertu 2002. urtetik balio katastrala hainbeste igotzea, kasu batzuetan ia bizkoiztu egin da. Edo 2002an balorazio katastralak oso gaizki egin ziren, edo gaizki egindako zerbait konpondu nahi dute orain. Enpresetako edo komertzioetako balio katastralak zergatik jaitsi diren hainbeste ere ez dut ulertzen”.
Errenteria-Oreretako etxebizitzen tipoa %0,28koa dela esanda, gogora ekarri du EAJk urtero igo duela OHZ, eta EH Bilduk berriz izoztuta izan duela foru aldundian izan den lau urteetan.
Fiskalitatearen gaineko eztabaida desitxuartau dagoela esan zuen, bestalde, Mendozak: “Fiskalitatea dirua biltzea du helburu bat, eta behar gehiena dutenen kasuan fiskalitaterik ahalik eta justuena ezartzea, bestea. Udalak zerbitzu batzuk eman behar ditu, eta krisi egoera batean egoera ahulenean daudenak babestu behar ditu. Ezin dizkie neurri berak ezarri etxebizitza duten pertsona guztiei. Udalak eskaitzen dituen zerbitzuen egoera aztertu beharko genuke, defizitarioak diren edo ez jakiteko, horren arabera agian tasa eta zerga batzuk igo egin beharko ditu udalak, eta garrantzitsuena, adostu beharko dugu zein neurri hartu behar ditugun egoera ahulagoan dauden, krisia pairatzen ari diren herritarrei, asko direla, nola lagunda”. Laguntza ez dela tasa edoz erga izoztea gaineratu zuen alkateak, “tasa hori ordaintzen laguntzea baizik ahal dugun neurrian. Baina hori egiteko baliabideak behar ditugu. Ordaintzea dutenek ordaindu beharko dute, ordaindu ezin dutenei udalak lagundu ahal izateko”.
Fiskalitatearen gaineko eztabaida “sosegatua eta sakona” egitera gonbidatu zituen oposizioko alderdiak Mendozak, azkenik, “demagogiarik eta sinplismorik gabekoa”. EAJ eta PSE-EE prest azaldu ziren ezatabaida hori egiteko.