Alkate ohiari prebarikatu izana leporatzen dio fiskaltzak. 2003-2007 agintaldiko ustezko irregulartasunak argitzea eskatu du udalak.
Beramendi, alkate zenean.
Martin Beramendi epaitzen hasi dira gaur Donostiako Zigor Arloko Epaitegian. Eusko Alkartasunarekin —gero Hamaikabatera pasatu zen— 2003 eta 2007 urteen artean Oiartzungo alkate izan zen.
Mendibilgo Txara parkeko obretan “prebarikatu” izana leporatzen dio fiskaltzak. Parkeko obren hasierako kostua 1,2 milioi eurokoa zen, baina “bere kargua aprobetxatuz” igo egin zuela, “ez lanen gorabeherei aurre egiteko, baizik eta auzokideen beharrei erantzuteko” esan du fiskaltzak. Hori guztia udalaren derrigorrezko prozedura administratiboak pasatu gabe egin zuela azaldu du fiskalak. Zortzi urteko inhabilitazioa eskatu dute beretzat.
Udala: “Gertatutakoak argitzea nahi dugu”
Oiartzungo Udalak auzitara eraman zuen Beramendi, 2011n (Bilduk aginte makila hartu zuenean). Egungo udal gobernu taldeak jakinarazi duenez, 2003-2007 agintaldian egondako “ustezko irregulartasunak argitzea” nahi du. “Izan ere”, jarraitu du udalak, “oiartzuarrentzako erakunde hurbilena den udaletxearen kudeaketaren ardura duenak txukun lan egin behar duela, eta hala egiten ez duenak, ondorioak izango dituela argi izan behar du”. Era berean, lekuko gisa deklaratu behar duten udaleko langileei babesa adierazi diete.
Abenduaren 13an, berriz, Beramendi berriro epaituko dute, Gipuzkoako Audientzia Probintzialean. Kasu horretan,
dokumentu ofizialetan zaintzan ustez egondako desleialtasunagatik epaituko dute Martin Beramendi.