Hondakinak biltzeko sistema berria, bost edukiontziena, Altamiran ezarriko dute lehenik proba modura.
Jesus Mari Martiarena alkatea eta Sanmarkoko ordezkaria, zabor bilketaren hitzarmen berria sinatzeko ekitaldian.
Lezoko Udalak informazio bilera egingo du gaur (hilak 10, asteartea) Altamira auzoan, hondakinak biltzeko sistema berriaren gaineko argibideak emateko. 18:00etan da bilkura, auzo elkartearen egoitzan.
Faseka ezarriko dute herrian atez atekoa ordezkatuko duen sistema. Horrela froga egingo dute auzoan, ondorioak atera eta herri guztian aplikatzeko hilabete batzuk barru. Prozesua nola joango den aipatuko dute gaur udaleko ordezkariek, aldaketa noiz burutuko den, eta bosgarren edukiontzirako (marroia) giltza nola lor daitekeen azalduko dute.
Gaurko bileraren ondoren, auzotarrei giltzak banatzen hasiko dira. Astelehenean zintzilikarioak kenduko dituzte auzotik, eta hilaren 17an (asteartea), martxan jarriko dute hondakinak biltzeko sistema berria Altamiran.
Herritarrei erraztasunak
Hondakinak biltzeko sistemaren aldaketa abenduaren 21ean egindako udalbatzarrean onartu zen, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren kontrakoekin.
Udalak adierazi duenez, aldaketaren helburu nagusia da herritarrei erraztasunak ematea, “hondakinen bilketarako sistema berriak herritarren behar eta ohiturei erantzun diezaion. Gainera, herritarrak dagoeneko hondakinak sailka banatzera ohituta daude, eta sistema berriarekin birziklatze tasak hobetzea espero da”.