Altamirako zintzilikarioak astelehenean kenduko dituzte.
Altamirako bizilagunek jaso ditzakete jada edukiontzietarako giltzak, udaletxeko informazio bulegoan, 08:30etik 13:30era. Ostiralera arteko epea dago giltzak jasotzeko.
Datorren asteartetik aurrera (hilak 17) izango da martxan bilketa sistema berria Altamiran “esperientzia pilotu” gisa. Zintzilikarioak bezperan kenduko ditu brigadak, astelehenean, ondoren mankomunitatearen edukiontziak jartzeko. Aurretik, baina, giltzen banaketa egingo du udalak, aurrerantzean, organikoa eta errefusa biltzeko jarriko dituzten edukiontziak zabaltzeko ezinbestekoak izango direlako.
Udala, “bizilagunek jada sailkako bilketara ohituta egonik sistema berriarekin gauzak ongi egiten jarraituko dutela ziur da”. Aldaketaren helburua “birziklatze kuotak hobetzea” dela gaineratu du, eta “egungo sistema lezoarren behar eta ohituretara egokitzea”.