Kaipe enpresaren bitartez azpikontratutako 21 langileek ez dute soldata kobratu; "ez ordaintzeak etengabeak" direla salatu dute.
Udaletxe aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo zaharren egoitzako langileek.
Kaipeko langileak mobilizatzen ari dira Pasaian. Azpikontrata bat da Kaipe, Pasaiako Udalak San Pedron duen zaharren egoitzako zerbitzuei erantzuteko duena. 21 langile ari dira Kaiperako lanean udalaren zaharren egoitzan. Bertako langile eta LABeko ordezkari Amaia Gastesik kontatu duenez, urteak dira gaizki daudela. “Berandu ordaintzen digute, beti egunez kanpo”, salatu du. 2012 urteko paga oraindik jaso ez duen langilerik badela salatu du, eta Geroa-rako omen zen soldataren zatia enpresak ez duela aspalditik ordaindu jakin berri dute, “nahiz eta langileei soldatetatik murriztu”.
LABeko ordezkariak kontatu duenez iaz lan hitzarmen berri bat sinatu zuten enpresarekin, eta hitzarmen horretan langile bakoitzak kobratzeko atzeratua zuen dirua zehaztu zuten. “Oraindik ez digute ordaindu”, salatu du.
Enpresak aspalditik argudiatu du egoera ekonomiko txarrean dagoela, eta hori dela eta, udalak aurreratu izan dio dirua langileen soldata bermatzeko, LABeko ordezkariak azaldu dunez, San Pedroko zaharren etxea fundazio publiko bat delako, udalaren eskumenekoa.
Orain, baina, udalak “iturria ixtea” erabaki du, LABeko ordezkariak azaldu duenez, Kaipek ez duelako justifikatzen zertan gastatu duen langileen atzerapenak ordaintzeko aurreratu zion dirua. Ondorioz, langileek ez dute hilabete honetan kobratu. “Hilaren 4ean kobratu behar genituen soldatak eta ez dugu inork kobratu”, salatu du langileen ordezkariak.
Epaitegietan salaketa asko jarriak dituzte langileek, baita erreklamazio ugari ere, baina udalak berriz ere dirua aurreratu ezean kobratzeko itxaropenik ez dutenez, kalera ateratzea erabaki dute. “Nazkatuta gaude. Aiton-amonen familiarrek zer gertatzen ari den jakin behar dutela uste dugu, zein baldintzetan gauden ezagutu”.
Mobilizazioak
Atzo egin zituzten lehen elkarretaratzeak, goizean, egoitzaren aurrean, eta udaletxe parean. Bihar eta astelehenean baita ere aterako direla aurreratu dutea, kotxe karabanak egiteko. Bihar, San Pedrotik irtengo dira, 18:00etan, zaharren egoitzaren paretik, eta, astelehenean, toki beretik, 12:15etan. Lau barrutiak zeharkatuko dituzte protestaldian. Irtenbidea topatu ezean grebara joko dutela aurreratu dute.
“Guretzako erantzule subsidiarioa udala da. Ez dugu ulertzen hainbeste urtetan ez ordaintzeak egiten daraman enpresa bat nola jarrai dezaken kontratatua”.