Udalari eraikitzeko baimena «ahalik eta azkarren» eman dezan eskatzeko mobilizazioekin hasi dira Trintxerpen 2013ko Urtezahar gaueko sutean etxea galdu zuten familiak; negoziatu nahi dutela diote.
Udalarekin negoziatu nahi dute bizilagunek.
Eraikitzeko baimenaren zain, ez aurrera eta ez atzera, «blokeatuta». Hala daude Trintxerpen orain dela hiru urteko Urtezahar gauean beren etxea sutean galdu zuten familiak. «Gehiegizkoa» iruditzen zaie udalak eraikitzeko baimena eman aurretik eskatzen dien diru kantitatea, eta, antza denez, diru kantitate hori ordaindu ezean, udalak ez du eraikitzeko baimena emateko asmorik.
«Egoera desblokeatzeko eta ezagutarazteko», kaltetutako bizilagunak mobilizazioekin hasi dira. Bi elkarretaratze egin dituzte orain artean, eta gaur aterako dira kalera hirugarrenez, 19:00etan, beren etxeak libre utzitako orubean. Egoera konpondu bitartean, ostiralero egin asmo dituzte elkarretaratzeak. Arartekora jotzea ere aztertzen ari dira.
Hitzak Imanol Fontaiñarekin eta Aitziber Berruetarekin hitz egin du. Biek galdu zuten etxea sutean. Gaur egun Pasai Antxon bizi dira, Luzuriagan, alokairu sozialeko etxebizitzetan, kaltetutako beste hamalau familiarekin batera.
Udalarekin ere hitz egiten saiatu da Hitza, baina, oraingoz, erantzunik ez. «Informazioa biltzen eta espedientea aztertzen ari direla, eta horiek eginda gaiaren gaineko prentsaurrekoa deituko dutela». Hori baino ez.
Eraikitzeko baimena lehenbailehen lortu nahi dute
Zenbatekoak ezbaian
Orain dela hiru urteko sutean erre ziren bi etxe blokeak, Euskadi etorbideko 5. eta 7. zenbakiak, lau solairuko etxebizitza blokeak ziren. Gerora, bizilagunek etxeak berreraikitzea erabaki zutenean, bi solairu gehiago eraikitzeko baimena lortu zuten, helburu argi batekin, Imanol Fontaiñak argitu duenez: «Etxera itzultzeko aukera eduki bitartean izango ditugun galera ekonomikoak arintzea».
«Bizilagunak obraren promotoreak gara», azaldu du Aitziber Berruetak «eta bosgarren eta seigarren solairuak enpresa eraikitzaileari saldu dizkiogu, milioi bat euroren truke», gaineratu du. Fontaiñak nabarmendu duenez, bizilagunek bazekiten horrek kostu bat izango zuela, baina, ez zuten uste hain handia izango zenik: «Gure enpresa eraikitzaileak, arkitektoek, aholkulariek, abokatuek… denek esaten ziguten udalaren zerga hori %20-%30 bitartekoa izango zela». Baina udalak eskatzen dien kopurua «askoz handiagoa» dela salatu dute. 728.000 euro eskatzen dizkie udalak, «ia %70a», kexatu dira.
«Denak gaude etxetik kanpo, hipoteka ordaintzen, eta horrez gain alokairua»
Imanol Fontaiña, kaltetutako bizilaguna
«Kalkuluak gaizki eginak daudela» argudiatuta, bizilagunek errekurtsoa aurkeztu dute udalean, «bere aholkularien laguntzaz, argudio sendoekin eraikia», Fontaiñak zehaztu duenez.
Zentzu horretan, «datu esanguratsu bat» jakinarazi nahi zan du: «Sutea 2014ko urtarrilaren 1ean gertatu zen, eta urte bereko otsailean, aseguruen indemnizazioak kalkulatze aldera, udalak proiektu bat enkargatu zuen, gaur egun, guk esku artean dugunaren oso-oso antzekoa».
Ostiralero egingo dituzte elkarretaratzeak, 19:00etan.
Proiektu hartan udalak orain kobratu nahi dien kopurua jaso zuela, eta askoz txikiagoa zela dio Fontaiñak: «Zenbatekoa jasota dago. Orain 728.000 euro kobratu nahi dizkigute, baina proiektu hartan 330.000 euro aurreikusi zituzten. Bikoitza baino gehiago da. Ez dugu ulertzen tasa honen hazkundea».
Erantzunaren zain
Errekurtsoa erantzuteko zain, beren eskaerak publikoki argitu dituzte: «Bi eskaera nagusi ditugu. Batetik, eskatzen diguten kantitatea handiegia iruditzen zaigulako borroka, eta bestetik, eraikitzeko baimena lortzeko eskaera».
Bigarren eskaera da garrantzitsuena bizilagunentzat, Fontaiñak adierazi duenez: «Hilero gastu handiak ditugu. Denok gaude etxetik kanpo, hipoteka ordaintzen, eta horrez gain alokairua eta gainkostu handiak gure gain hartzen».
Gauzak honela, udalarekin negoziatu nahi dute lehenbailehen eraikitzen hasteko. Baimena epe laburrean lortu ezean, gainera, beste arrisku bat badutela dio Berruetak: «Bi urte pasatu dira eta eraikitzeko baimena aurkeztu ezean aseguruen dirua galdu dezakegu, eman behar diguten dirua, etxe berria eraikitzeko delako».
«Uzteko etxea egiten. Gure etxera eta gure herrira itzuli nahi dugu, besterik ez»
Aitziber Berrueta, kaltetutako bizilaguna
Malgutasuna eskatu diote udalari. «Ordaindu behar dugula badakigu, baina negoziatu nahi dugu, kopurua, baldintzak, epeak…», dio Berruetak.
Aitziber Berrueta, bere seme-alabekin, Leunda tabernan; sutean etxea galdu zuten, eta egun Antxon bizi eta lan egiten dute.
Baimena eman ondoren ere udalaren esku daudela argi dute: «Udalak gerora ere baditu aukerak kobratuko duela bermatzeko, adibidez, bizigarritasun baimena ukatuta».
Etorkizuna kolokan
Arazo gutxi ez, eta Antxoko Luzuriagan bizi diren familiei urte bukaeran amaitzen zaie Alokabiderekin duten kontratua. Horrek, noski, ezinegona areagotu du. «Alokabidek hiru urterako kontratua egin zigun, eta kontratu hori urte bukaeran amaitzen da», azaldu du Fontaiñak. Ordurako etxe berrietan izango zirela uste zuten Alokabiderekin kontratua sinatu zutenean, baina orain, nahiko argi dago ez dela horrela izango. «Eskutitza jaso genuen abenduan, eta idatziz esan digute, baldintzak ez betetzekotan ez digutela alokairua berrituko», dio kezkaz.
Gauzak honela, Alokabiderekin hitz egitera joateko elkartu behar dira orain bizilagunak. «Nazkatuta gaude, nekatuta. Gauza asko dira… Elkartasun handia jaso genuen hasieran, baina orain bakarrik gaude», dio Berruetak.
Min handiz oroitzen dituzte sutearen ondorengo egunak. «Atzera eta aurrera ibili beharra, bizitza guztian pilatutako gauza guztiak galdu, negar asko….».
Lehen bederatzi hilabeteetan Donostiako Morlans auzoan egon ziren bizitzen, hasiera hartan gastu guztiak estalita. 2014ko abenduan etorri ziren Antxora kaltetuak, eta ordutik errentan bizi dira, Luzuriagan.
Etorkizunari, hala ere, baikor begiratu nahi diote, eta zoritxarretik irakaspen onak atera: «Hona etorri ginen bizitzera, eta hemen gaude, Leunda tabernan lanean, ordu piloa sartuz, baina oso-oso gustura». Sheila alabarekin batera gobernatzen du Leundako barra Berruetak, «elkarrekin, aurrera egiteko borrokan».
Desio bakarra dute: «Uzteko etxea egiten. Gure etxera eta gure herrira itzuli nahi dugu, besterik ez».
1,4
milioi euro.
Sutean erretako etxeak berreraikitzeak guztira duen kostua.
30.000 euro. Kaltetu bakoitzak suteaz geroztik izandako galeren batez bestekoa, bizilagunek emandako datuen arabera.
Inor gutxik ahaztuko duen gaua
Urtezaharra zen, eta, ondorioz, ospakizun giroa nagusi. Gauerdia iritsi bezain laster hasi zen suziri festa, ohi bezala, koloretsu, zaratatsu. Urte hartako jaiak, baina, gutxi iraun zuen Trintxerpen. 2014. urtea estreinatu eta minutu gutxira hasi zen Euskadi etorbideko 5. eta 7. atarietako bizilagunentzat oraindik bukatu ez de amesgaiztoa.
Suziri bat —itsasontzietako bengala bat izan ote zitekeen zabaldu zen ere— etxeetako bateko teilatuan jauzi, eta sua minutu gutxiren bueltan zabaldu zen. Egurrezko egitura zuten erretako etxebizitzek, eta sugarrek azkar batean hartu zuten tamaina ikusgarria zen. Irudiak berehala zabaldu ziren sare sozialen bidez, eta irudiekin batera, alarma.
Sutearen ondorioak aztertzen, oraindik kea ikusten zela.
Guztira, lau etxebizitza-bloke hustu behar izan zituzten, eta gerora horietako bi eraitsi, suak guztia kiskali zuelako. 42 familiak galdu zuten etxea.
Trintxerpeko alkateordetzan pasatu zuten bizilagunek lehen gau tragiko hura, eta ondoren Lintzirin hotelera eraman zituzten. Donostiako Morlans auzoko etxebizitzetan egin zieten tokia ondoren, Antxoko Luzuriagako etxeetan kokatu bitartean.
Erantzuna berehalakoa
Erantzuna berehalakoa izan zen. Erakundeak elkarlanean hasi ziren azkar-azkar irtenbide bila, eta herritarren elkartasuna tamainakoa izan zen. Plataforma bat eratu eta Zirizan biltegi bat inprobisatu zen, dena galdu zutenei arropa, altzariak eta behar zuten beste edozer errazteko. Askotariko ekitaldiak antolatu ziren dirua biltzeko. Laguntza horri esker kaltetuei xamurragoa izan zaie hona arteko bidea. Orain, azken bultzada behar dute, etxeak berreraiki eta normaltasunera itzultzeko.