Obrak esleituta daudenez, helegiterik ezean lanak otsailaren erdialdean hasiko direla iragarri du udalak.
Urrats berria egin du gaur Herrera eta Trintxerpe lotuko dituen pasabidea eraikitzeko proiektuak. Pasaiako udaleko hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek iragarri duenez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute gaur proiektu teknikoa.Honenbestez, 2o egunez egongo da jendaurrean, eta tarte horretan helegiterik ez balego, proiektua behin betiko onartuta geratuko litzatekeela aurreratu du Oterminek.
Kasu horretan, obrak berehala hasiko liratekeela nabarmendu du Pasaiako udaleko hirigintza zinegotziak, gogoratu duenez, lanak jada esleituta dituztelako. Construcciones Moyua, Altuna eta Uria enpresak egingo ditu lanak. Proiektuak 3.111.896.896,30 euroko aurrekontua du, eta 14 hilabeteko epean bukatu beharko lituzkete lanak.
Atzerapenez
Hautsak harrotu ditu orain baino lehen aipatu egitasmoak. Portu Agintaritza eta udalaren arteko desadostasunek lanen atzerapena eragin dute. Udazkenean hasi behar ziren lanak,baina udalaren txosten teknikoek kontra agertu zirenez,etenda egon da proiektua orain arte.