Lekuona okindegi zaharra berrasmatzeko proiektuak aldaketa jasan du. Herriko jarduera kulturalaren epizentro izan nahi duen eraikinean.
Lekuonako obrak, egun, geldituta daude. Proiektua nondik nora joango den berriro definitzen ari dira, halabeharrez.
Lekuona okindegi zaharra izandakoaren gainean eraiki nahi dute etorkizuneko Errenteria-Orereta. Pasa den astean, baina, eraikinerako hasierako proiektua aldatuko zela jakinarazi zuten udal gobernu taldea osatzen duten EH Bildu eta Errenteria Irabaziz koalizioek, batera egindako agerraldian. Lekuonarena «proiektu globala» izaten jarraitzea da euren konpromisoa.
Herrialdeko proiektu izango zena, orain, herrikoa izatera pasatuko da. Horrela, hasiera bateko Arte Eszenikoen eta Dantzaren zentroa ez da Oiartzun ibaiaren ertzean kokatuko. Bai, ordea, liburutegi berria eta auditorioa. 700 pertsonarentzako edukiera duen areto hori zein dantza eta antzerkirako zentroa izan dira udalaren eta aldundiko Kultura Sailaren arteko diskordiaren sagarra: sozialistek pasa den astean bertan etxez etxe banatutako eskuorrian azaltzen dutenez, biek ala biek ez diote erantzuten errenteriarren beharrei. Euren apustua, nagusiki, liburutegiaren aldekoa zen, baita espazio balioanitzen aldekoa ere.
EAJk, berriz, auditorioaren aldeko apustua egiten du, eta Dantzagunea bezalako Gipuzkoako proiektu bat ez izatea «aukera galdutzat» jo dute. Denen arteko elkarlanerako deia egin dute jeltzaleek, «alderdikeriak alde batera utzita».
Ekonomia kreatiboa
Proiektua orain udalaren eskuetan geratuko da. Atzera begirakoa egin du erakundearen buru Julen Mendozak. 2012ra, hain zuzen ere: «Guztia Errenteria 2025 Plan Estrategikoa zehaztearekin hasten da. Urtebete iraun zuen prozesuak, eta hor ondorioztatu genuen gure herriak kreatibitatean aritu behar duela, kultura espazio oso garrantzitsua dela, ekonomia kreatiboaren eredua dela sortu behar dena».
Horrela, herri industriala izan zena, bigarren sektoreko jarduera gutxi izatera pasatu zen. «Beste eredu bati» heldu behar ziotela gogorarazi du Mendozak, eta herriak antzerkigintzan, dantzan, musikan eta beste hainbat kultura diziplinatan duen tradizioa ikusita, bide hori hartu zuten.
Bidea urratzen ari zirela, aldundiak Donostiako Arteleku hustuarazi behar zuen, eta Errenteriako Udalak euren aukerak aurkeztu zizkion foru erakundeari. «Ikusten genuen sor litekeela Gipuzkoako Dantza eta Arte Eszenikoen zentro bat, Euskal Herri osorako bokazioarekin. Proiektu oso potentea zen, erreferentzialtasuna emango ziguna», zehaztu du Mendozak. Gainera, karga sinbolikoa ere bazuen: Lekuona herriguneko azken aurreko fabrika izan zen.
2014an sinatu zuten hitzarmena, baina duela ia bi urte foru gobernu berria sartzearekin batera, desadostasunak sortu ziren.
Eta orain, zer?
Dantza eta antzerkigintzarako zentro izatea baztertuta, proiektua berriro definitzea egokitu zaio udalari. Sorkuntzaren aterpe izango da, «bere zentzu zabalenean ulertuta», alkatearen arabera. Halaber, ekonomia kreatiboa izango da espazio berriaren ardatza.
Hasiera batean liburutegi berria Madalena kaletik Niessenera lekualdatzea espero bazuten, orain Lekuonara pasatzea adostu dute. Ez da ohiko liburutegia izango: «Aurreikusten dena da sorkuntzarekin oso erlazionatutako liburutegia izatea, eta gure herrian sortzen diren kultura dinamika guztiekin erabat lotuta egongo dena. Proiektu global bat izango da, alegia».
Horrez gain, 700 pertsonarentzako auditorioak ere bertan jarraituko du. EH Bildu eta Irabaziz-ek pasa den asteko agerraldian salatu zutenez, foru aldundiko Kultura departamenduak hori kentzea proposatu zien. Errenteria-Oreretako kultur eragileek edukiera horretako areto bat «hainbat aldiz» eskatu dutela ziurtatu zuten bi koalizioek, eta ez zeuden proposamenarekin ados. Auditorioaren garrantzia nabarmendu dute bi koalizioek, proiektuak, hori gabe, «erreferentzialtasuna» galduko lukeelako.
Horrez gain, beste espazio batzuk —balioanitzak, kasu horretan— ere egongo lirateke proiektu berrian.
Eraikinak eta jasoko duen dinamika herriko «kultura jardueraren epizentro» bilakatu nahi du udalak. «Kultura aktibitate hori hainbat tokitan ematen da: Torrekuan, Merkatuzarren, Niessenen… Lekuonak guztiari koherentzia emango lioke eta edukiko lituzkeen espazio horiek gainontzekoekin lotura edukiko lukete», gaineratu du Mendozak.
Izan ere, Errenteriako Udalak garrantzia handia ematen dio sorkuntzak gizartean izan beharko lukeen paperari. «Iruditzen zaigu sorkuntzak pertsonen garapenean baduela garrantzia handia. Herri batek sorkuntzan aurrerapausoak ematen baditu, bere norabidea alda dezake. Eta herri honek norabide aldaketa bat behar du», aldarrikatu du. Aipatu duenez, Unescok esana du ekonomia kreatiboak garrantzia handia duela bai kulturaren arloan —«erlazio humanoetarako, giza eskubideen errespeturako…»—, baita beste eredu mota baten sorreran ere. «Ekonomia kreatiboaren eredua», esan du, «ikusi da bidezkoagoa dela, eta pertsonen arteko ezberdintasun gutxiago sortzen dituela».
Eredu bila
Liburutegiak kokapena berria izanagatik, ereduaren bilaketa ez da oraintsu hasi. Molde zaharrak hausten dituen liburutegia nahi dute. Hainbat tokitako esperientziak jaso eta jasoko dituzte, tartean Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegikoa. Donostiako tabako fabrika zaharrean kokatuta dagoen liburutegiaren jarduera arautzen duen
hendiatrisa, «Ikasi, sortu eta gozatu» da. Liburutegietako ohiko zerbitzuez gain, ikaskuntza eta sorkuntza akuilatzen ditu Ubikek. Bertako funtzionamendua ezagutzeko zita dute udaleko ordezkariek.
Definituta daukatena, hori bai, deszentralizazioarena da. Udalaren asmoa, Lekuonakoaz gain, Beraunen beste liburutegi bat irekitzea da, egingo duten kultur etxean. Horrez gain, Bizarain Ikastolako esperientzia bezalakoak udalerri guztira zabaltzeko desioa agertu du Mendozak. Izan ere, Beraun eta San Markos artean banatzen den ikastolak liburutegi zerbitzua eskaintzen die inguruko auzokideei, eskola orduetatik kanpo.
Lekuonaren funtzionamendua «edukiz janzteko» asmoz, prozesu bat abiaraziko dute bi hilabete barru. Laburra izateko helburua duen prozesuan, kultur eragileek eta herritarrek hartuko dute parte. Denen artean, Errenteria-Oreretako kultur jardueraren diagnosia egingo dute. «Zalantzarik gabe», baietsi du alkateak, «hortik aterako da Lekuona zer izango den, baita Niessen bera ere zer izango den». Izan ere, udalak eta aldundiak akordioa lortu dute datorren urteko ekainera arte Dantzagunea Niessenen mantentzeko. Gipuzkoako dantza ikaskuntza zentroak herria behin utzita, lokal hori udalaren eskuetara bueltatuko da.
Kontuak kontu, kultura jardueraren eta espazioen arteko berrantolaketa egiteko prozesua bi hilabete inguru barru hasiko dela iragarri du udal agintariak. «Gure herrian badugu, musikan, dantzan, antzerkigintzan, artisautzan, arte plastikoetan eta abarrean aktibitate oso indartsu bat. Erabaki eta asmatu behar dugu nola ematen diogun espazioa bakoitzari, eta nola ematen diogun koherentzia proiektu bakar batean».
Liburutegi bat —besteak beste— kultur jardueraren erdigune nola irudika daitekeen galdetuta, argi erantzun du Mendozak:?«Horrelako proiektuak imajinatzea pixka bat zaila da gure ezagutzatik alde egiten dutelako. Askotan horrelako proiektuak ikusten dira egikaritzen direnean». Horregatik nahi dute dakitenekin —kultur eragileekin— «kontrastea egin, ikusi, entzun eta jakin bakoitzak nola ikusten duen gure herria», proiektua osatze aldera. Esker oneko hitzak izan ditu eurentzako: «Finean, proiektu hau izango da eragileekin batera egiten dugulako. Beraiek gabe ez dago herri dinamiko hori».
Beraz, gutxiago falta da herriaren kultur jardueraren itsasargi izan nahi duen liburutegiaren, auditorioaren eta beste espazio balioanitzen aterpe izango den Lekuona osatzeko.