Trintxerpeko sutean erre ziren etxebizitzak berreraikuntzarako proiektua zertan den jakinarazi du gaur udal gobernuak.
Izaskun Gomez alkatea eta Nahikari Otermin hirigintza zinegotzia, gaur, pleno aretoan.
Serio, irmo eta luze. Hala hitz egin dute gaur Izaskun Gomez alkateak eta Nahikari Otermin hirigintza zinegotziak udaletxeko pleno aretoan pilatu diren hedabideen aurrean. Ikusmina zegoen, udalak zer esango,
Urtezaharreko sutean etxea galdu zuten bizilagunek elkarretaratzeak egiten hasi direnez geroztik ez dituztelako adierazpen publikoak egin. Gaur argitu dute udalaren jarrera, eta azalpen asko eman dituzte, udalari publikoki leporatu zaizkion asko gezurtatu, udal langile eta teknikariak defendatu, eta bizilagunen zain daudela argitzeko.
Udala espediente honekin mantso ari denik ukatu dute lehenik, eta “bizilagunak kaltetzeko asmoz ari direla esatea gezurra esatea dela” defendatu dute irmo.
Arau subsidiarioen aldaketa
Gomezek eta Oterminek azaldu dutenez, bizilagunek, udalaren gomendioaren kontra eta beren kabuz erabaki zuten arau subsidiarioak aldatzea, horrek prozesua mantsotzea ekarriko zuela jakinik. Gomezek argitu duenez, aldaketa ez zen beharrezkoa, inguruko etxeak altuagoak izanik, bi solairu gehiago altxa zitezkeelako aldaketarik egin gabe. “Erabaki hura ez nuen ulertu bere garaian eta ulertu gabe jarraitzen dut”, adierazi du alkateak.
Bide beretik, bizilagunek promotore bilakatu izana bizilagunen interesen kontra jokatu duela iradoki du alkateak, udalak promotoreari eskatu behar diolako dirua, eta kasu honetan promotoreak bizilagunak direlako. “Bizilagunek hainbat erabaki hartu dituzte, eta erabaki horiek ondorioa dituzte. Orain ezin dute ondorio horien erantzule udala egin”, baieztatu du.
Zenbatekoen dantza
Luze jo dute ere zenbatekoen gaineko azalpenak. Oterminek esan du udalak bizilagunei eskatzen dizkien 738.000 euroak “irizpide teknikoen arabera” kalkulatu direla eta “legeari estuki lotuta”. Horrez gain, nabarmendu du kopuru hori “bizilagunek eraiki nahi dituzten hamar etxe gehiago horien” truke eskatzen dizkiela eta “ez beraiek sutean galdu zituzten etxebizitzen truke”. Sutearen ondorioz izan dituzten galera ekonomikoak arintzeko helburuz, etxebizitzak berreraikitzean bi solairu gehiago altxatzea erabaki zuten bizilagunek, eta udalak baimena eman.
Orain, baina, “gehiegizkoa” iritzi diote bizilagunek udalak horien truke eskatzen dien diru kantitateari eta zenbatekoa gaizki kalkulatua dagoela argudiatuta alegazioak aurkeztu dituzte udalean. Hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek gaur zehaztu duenez, bizilagunek 2014. urteko otsailean egin zen hurbilpen batetik hartu dute erreferentzia. Hurbilpen hartan kopurua oso bestelako zen, eta hala adierazi izan dute bizilagunek ere, orduan kopurua 350.000 eurokoa zela zehaztuz. Oterminek kopuru horren aldaketaren zergatiak azaldu ditu gaur: hurbilpen hartan aurreikusitako metro koadratu kopurua txikiagoa zela argudiatu du, eta horrez gain, orduan kalkulurako erabilitako salmenta prezioa etxebizitza babestuena zela, eta ez, egungo kasuan bezala, salmenta librekoena.
Bizilagunen zain
Gomezek jakinarazi duenez, udala prest agertu da bizilagunei eraikitze baimen baldintzatu bat emateko, eta oraindik hala egin ez badu, bizilagunen eskaeraren zain egon delako izan dela jakinarazi du. Are gehiago, alkateak jakinarazi duenez, bizilagunek beren azken eskaintzan lurra eskaini diote udalari, eta horrek egoera erabat aldatuko lukeela jakinarazi du. Izan ere, hala balitz udalak derrigor onartu beharko luke lur zati hori, eta horrek 738.000 euroko kopurua murriztuko luke automatikoki. “Lur hori dutenik, non eta zenbat frogatu beharko dute aurretik, eta horren zain gaude”, esan du alkateak.
Alokabiderekin akordioa
Etxeak berreraiki bitartean Luzuriagan bizi diren familientzat lasaitasun mezua ere igorri dute. Jakinarazi dutenez udala Alokabiderekin harremanetan jarri da eta ziurtatu diete ez dela inongo arazorik izango kaltetutako familiei urte bukaeran bukatzen zaien kontratua luzatzeko.
Azkenik udal langile eta teknikarien lana prozesu osoan zehar bikaina izan dela goraipatu dute udal arduradunek, eta herritarrek elkartasunez emandako dirua kendu dietenik gezurtatu. Zentzu horretan gogoratu du udalak bere garaian uko egin ziola diru hori kudeatzeari.