Azpillaga sanpedrotarra zen jaiotzez, eta Ondartxo Abesbatzak 1998. urtean egin zion omenaldian herrian kantatu zuen.
Jon Azpillaga, San Pedroko elizan, Ondartxo Abesbatzak eskaini zion omenaldian.
Bertsoa.eus atariak eman du Azpillagaren heriotzaren berri. 81 urte zituela zendu da Pasaia San Pedron jaiotako bertsolaria. Urte eta erdi zituela Berriatura (Bizkaia) joan zen bizitzera, eta 1960az geroztik Mutrikun (Gipuzkoa) bizi zen.
Frankismo garaian plazaz plaza aritu zen Azpillaga, 14 urterako hasi baitzen koplak kantatzen. Zentsuraren gainetik, plazaz plaza ibili zen, besteak beste, Jon Lopategi lagun hartuta.
Txapelketetan ere aritu zen Azpillaga. 1961ean, Bizkaiko txapeldun izan zen, eta txapelketa nagusietan lau aldiz heldu zen finalera: 1960an, 1962an, 1980an eta 1982an.
Azpillaga, 2012, urtean, Bertso Egunaren ospakizunean, Kursaalean.
San Pedroko Ondartxo Abesbatzak omenaldia eskaini zion urtero antolatzen duen Musika Abesbatza Astean, 1998. urtean. Azpillaga bertan izan zen, eta esker onez hartu zuen San Pedroko herriaren aitortza, ondoko bertsoan hala kantatuta:
Nahiz ta bertsotan tratatu naute
beti bizkaitar bezala
dana dakite identitatez
sanpedrotarra naizela.