Txirrindulari errenteriarra arriskuz kanpo dago, eta atzo goizeko istripuaren lekuko bila ari dira, Ikerketaren arabera, ihes egin zuen gidariak.

Ane Santesteban, iazko Giroan.
Ane Santesteban txirrindulari errenteriarra ospitalean dago, atzo goizean, entrenatzen ari zela istripua izan ondoren. Gaua zaintza intentsiboetako unitatean pasatu du, baina arriskuz kanpo dago.
Atzo, 10:10 inguruan, autoan zihoan bikote batek Santesteban Gabierrota eta Lartzabal artean konorte gabe etzanda, odolez inguratuta, aurkitu zuen. Bizikletak asfaltoaren kontra jo izanaren arrastoak zituen, eta gainera zutik jarrita zegoen hesi baten kontra. Nahastuta zegoen, oraindik, ospitaleratu zutenenean, buruan jasotako kolpearen ondorioz. Eskanerra pasa zioten, eta odolbilduak eta barneko lesioak zituela baztertu zuten medikuek. Garuneko konmozioa du Santestebanek. Eskumuturretako batean du mina, gainera, hainbat urradurez gain, eta ez du istripuaren ezer gogoratzen.
Gau oso txarra eman duela Santestebanek esan dio HITZAri Niko Santestebanek, txirrindulariaren aitak: “Buruko min handia izan du eta medikazioa jartzen aritu dira etengabe”. Ospitalean, obserbazioan jarraitu beharko duela gaineratu du haren aitak, “itxaropena genuen gaur etxera bidaliko ote zuten, baina obserbazioan jarraitu behar dutela esan berri digute medikuek. Ez dakigu zenbat denboraz izan beharko den bertan, baina etxera ahalik eta azkarren bidaltzea espero dugu”.
Lekuko bila
Istripua pairatu baino lehenago, segurtasun kamera batzuek Santestebanen irudiak hartu zituzten, eta modu egokian ari zen ibiltzen. Errenteriako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, istripuaren momentuko irudirik ez dago, eta lekuko bila ari dira.
Ikerketa egiten ari direnen hipotesiaren arabera, ibilgailu batek Santesteban harrapatu zuen. Gidaria gelditu, errepidetik bizikleta baztertu, eta txirrindularia konorterik gabe ikusi zuenean, ihesari eman ziola da esku artean duten teoria.