Aiert Beobide pasaitarraren Haatik dantza konpainiak ‘Hormek diote, on stage’ estreinatu du. Proiektua biribildu dute, kaletik aretoetara eramanez.
Kaletik areto barrura eraman dute Hormek diote proiektua
Martxoaren 26an Dantzagunean ezarrita dagoen Haatik dantza konpainia pasaitarraren azken obra estreinatu zuten Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean,
Hormek diote, on stage. Izenburuak adierazten duenez,
Hormek diote proiektuaren moldaketa da, iaz kalean egin zutenaren barruko bertsioa.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan, bost artistak, tartean
Judas Arrieta hondarribiarra, beste horrenbeste hormetan muralak sortu zituzten, eta horietan oinarrituta, koreografia bana prestatu zuen Aiert Beobide pasaitarrak zuzendari duen konpainiak.
Artistek ahotsa jarri zieten paretei, eta Haatikek dantzan jarri zituen. Iazko ekaina-uztailean dantzatu ziren bost horma horien inguruan, eta udazkenetik, bost koreografia horiek bateratu eta areto barruan interpretatzeko moldaketa prestatzen aritu dira.
Eszenografian esfortzu handia egin dute eta, esaterako, Arrietak Trintxerpen egindako muralaren berregin du obrarako: “Moldaketa oso proposamen polita izan da. Formalki proiektua berriro irudikatzeko arazorik ez zegoen… azkenean hasierako diseinua taula gutxiagoetan irudikatzea izan da… Problema bakarra eszenografian integratzea izan zen, hau da, nola egin dekoratuen aldaketa eta abar… baina taldearen teknikoekin eta froga batzuk egin ondoren oso erraz konpondu zen. Oso pozik gaude emaitzarekin, oso polita geratu da eta obran dauden beste proposamen eszenografikoekin oso ondo konpontzen da”.
Larunbatean izan zen estreinaldia, arrakasta handikoa, eta uda eta gero mugituko da Euskal Herriko antzoki zirkuituan zehar.
Fitxa artistikoa
- Zuzendaria. Aiert Beobide.
- Zuzendaritza artistikoa. Olatz Beobide.
- Koreografiak. Iker Arrue, Vitali Safronkine eta Aiert Beobide.
- Muralen egileak. Igor Rezola, Judas Arrieta, Hormachic, Arantxa Recio – Jenni Karna, Ismael Iglesias eta Elurmaluta.
- Dantzariak. Ibai Jimenez, Iker Sanz, Jon Arsuaga, Irati Sorondo, Nerea Ezenarro, Anne Jauregi, Itziar Doyhartzabal, Aiert Beobide, Iñigo Etxeberria, Nagore Zabala.
- Argiztapena. Xabi Lozano.
- Eszenografia. Edi Naudo.
- Proiekzioak. Acronica.
- Musika. Pascal Gaigne.
- Jantziak. Ramon Garcia.
«Dantzaren aldetik asko aportatzen du»
Zuzendari, koreografo eta dantzari da Aiert Beobide pasaitarra Haatik konpainian. Beste proiektu batzuk ere eskuetan dituzte, baina
Hormek diote, on stage ikuskizun oso berezia dela uste du.
Aiert Beobide, Haatik dantza konpainiako zuzendari, koreografo eta dantzaria
Hormek diote proiektuan, bost artistek margotutako muraletan oinarrituta, bost pieza labur prestatu zenituzten. Zer adierazi nahi zenuten, zer interesatzen zitzaizuen horma horietatik?
Errenteriako Ereiten kultur zerbitzuen lantaldeak gidatu zuen. David Zapirainek deitu zigun, Donostia 2016 Kultur Hiriburutza barruan aurkeztu zutela eta aurrera egingo zuela, eta bost sorkuntza horien inguruan bost koreografia egitea gustatuko litzaiokeela. Ordurako, martxan ziren muralak, mural bakoitzean artista bat ari zen lanean. 2015 urteko udazkenean hasi ziren muralekin eta iazko uda hasieran egin genituen koreografiak.
Hasieratik zenuten buruan ‘on stage’ ere egitea, azken urrats hau ematea?
Ez, ez. Hasieran kaleko bost koreografiak egitea zen asmoa. Baina prozesuan aurrera gindoazenean konturatu ginen hor bazegoela zer esanik, eta berehala hasi ginen tanteatzen, Ereitenekin, Koldo Almandozekin [zuzendari artistikoa], 2016koekin… Eta kalekoa bukatu genuenean proiektua idatzi genuen, 2016ko fundazioari baimenak eskatu, beraienak zirelako legezko baimen guztiak… Eusko Jaurlaritzara aurkeztu genuen eta egokitzapena egiteko diru laguntza onartu eta eman zigun. Urrian onartu ziguten, eta hortik aurrera jarri ginen buru-belarri.
Interpretazio baten interpretazioa da. Artistek hormek diotena azaldu zuten muraletan, eta zuek artistek adierazi zutena interpretatu zenuten, dantzaren bitartez. Artistekin adostu al zenuten?
Artista batzuekin harreman gehiago izan genuen, beste batzuekin gutxiago. Artistek auzoko elkarteekin eta auzotarrekin bilerak egin zituzten, egoerak aztertu, auzo horietako beharrak sentitzeko, jabe egiteko. Guk artistek kontatu nahi zutena ezagutu nahi genuen, haiekin bildu ginen, beren asmoa ezagutzeko.
Eta hortik, guk egin genuena izan zen gure koreografia erabiltzeaz aparte, zabaldu, inguruko beste koreografoekin konpartitu, ahalik eta ikuspuntu gehienak biltzeko, sortzaileen sarea ahalik eta gehien zabaltzeko. Vitali Safronkine errusiarrarekin [Hendaian bizi da] eta Iker Arrue donostiarrarekin harremanetan jarri ginen. Bakoitzak mural baten interpretazioa egin zuen, hormarena berarena, kalearena, eta horren arabera koreografiak prestatu zituzten. Nik beste hirurak prestatu nituen.
Eta orain eszenatokira eraman duzue iazko proiektua. Bost hormen aurrean egindakoa jaso, moldatu, eta istorio bakar batean bilduta taularatu.
Gauza batzuk kendu ditugu, beste batzuk gehitu. Pieza asko genituen, batzuk ahokatuta zeuden eta beste batzuk ez genekien nondik lotu. Hori izan da egokitzapen honen lana, puzzlea ahokatzen joan. Hormak behar genituen, eszenografia bat, nola lortu horma eta mural horiek azaltzea taulan. Hori da hilabete hauetan egin dugun lana, ikus-entzunezkoekin, Judasek [Arrieta] egin digunarekin, lotura batzuk gehitu dizkiogu.
Hormek diote proiektuan bideo-maping bat egon zen, Elurmaluta ikus-entzunezkoen enpresak egin zuena, eta horren parte txiki bat hartu dugu, Igor Rezolak egindako murala modu oso grafiko erakusten duena. Teknologia asko aurreratu da eta, nola jakinez gero, gauza izugarriak egiten dira. Gurean, Akronica Producciones enpresak lan handia egin du.
Trintxerpeko Zirizan egindako muralaren moldaketa egin du Judas Arrietak
Obran, hortaz, Hormek diote proiektuan azaltzen ziren bost muralak azaltzen dira?
Beno, bost mural horien egokitzapenak, ahalik eta gehien errespetatu ditugu, garapena dute obran zehar, istorioan sartzen doaz. Egokituz joan gara eta bakoitzaren kasuan aztertu behar izan genuen zein zen modu onena hormak irudikatzeko, nola lortzen genuen emaitzarik hoberena.
Eszenografian lan handia egin beharko zenuten, bost horma horiek taula gainean irudikatzeko.
Bai, koreografian bazeuden zailtasun fisiko batzuk. Adibidez, Alabergako horma gainetik gainditu behar genuen, hori gabe ez zuen zentzurik, funtsezkoa zelako. Orduan, kasu horretan, hormatik jaistea edo hormara igotzea ahalbidetzen zuen eszenografia bat behar genuen. Gauza batzuk ezinezkoak ziren, baina eszenografiaren helburua hori zen, bost paretak agertzea, eta bakoitzean kaleko hormen aurrean egin genituen koreografiak dantzatzea.
Gainera, erronka zen, pareta bakoitza modu batekoa zelako, bakoitzak bere forma behar zuen, ez genuen plaza itxura eman nahi. Eta hori lortu dugu, kalekoa ikusi zuenak esan digulako estreinaldia eta gero, ‘jo, plaza horretara bidaiatu dut berriro’. Toki errealak islatzen saiatu gara.
Bost hormak irudikatzeko eszenografia prestatu dute
Zuen obra aitzakia ere izan daiteke hormak ezagutzen ez dituenak bisitatu ditzan.
Bai, hor daude hormak, bat ezik. Ismael Iglesiasek Donostiako Zubiaurre pasealekuan egin zuena ezabatu zuten, zentsuratu zuten, eta guk keinu hori egin dugu obran, zentsurari keinua. Jendeak ez du guztiz ulertuko, baina baten bat joaten bada Intxaurrondora horma ikustera, eta ez dagoela ikusten duenean, orduan ulertuko du hor elkarbizitza gordina [keinua eginez] egon dela. Bost axola 2016, bizilagun batek esan du horma hori berea dela, eta hustu eta grisez margotu du dena. Pentsa arazteko balio badu…
Asteburuan izan zen Hormek diote, on stage ikuskizunaren estreinaldia, Lasarte-Orian. Zer moduz joan zen?
Oso ondo. Guk bagenekien eszenaratzea oso ikusgarria zela, baina beti beldurra duzu, ea dena ulertuko den. Eta egia esan, oso ondo joan zen, amaieran jendea bizpahiru minutu egon zen txaloka, eta sentitu genuen baietz, iritsi zela. Uste dugu ikuskizun oso berezia dela, dantzaren aldetik asko aportatzen du, kontzeptuaren aldetik, eszenografiaren aldetik, sekulako taldea egon da lanean.
Elementu asko sortzen aritu gara 2015etik, sortzaile askoren elementuak ari gara erabiltzen eta zaila zen denak batera lotu eta jendeak hori ulertzea. Eta ikusi genuen baietz, ondo iritsi zela publikora, ez ziguten loturez ezer esan, osotasun batean komentatu ziguten.
Barrura sartu dituzue hormak, eta horrekin bi urteko proiektua biribildu duzue. Behin estreinaldia pasata, ikusten duzue beharrezkoa zela hori?
Bai, dudarik gabe, Hilabete eta erdi Vitalirekin eman genuen, beste horrenbeste Arruerekin, musika Pascal Gaignek egin du… 2016ko Hiriburutzarekin gertatu zena da dena diluitua geratu zela, ezinezkoa zen denera iristea. Gurea, bost egunetan egin zen eta, edo oso-oso gertukoa zinen, edo ezinezkoa zen gure lana osotasunean ikustea.
Artea eta arte eszenikoak ere kritikatzeko dira, gure gizartea ukitzeko, izateko modua zalantzan jartzeko, eta proiektu honek elementu guztiak zituen horretarako. ‘Hau atera behar dugu, nolabait, modu batera edo bestera aterako dugu’, esaten genuen. Egin dugu, eta proiektua aurrera atera zuten pertsonek eskerrak eman dizkigute, biribiltzeagatik. Orain da hori guztia zabaltzeko unea, kontzeptu guztiak osotasunean entzungo dira, proiektu osoa osorik ikusteko aukera.
Aurrera begira zer?
Atzotik horretan gabiltza. Leku batzuk itxi nahian gabiltza, Tolosa lotu dugu… Proiektuan sinisten dugu eta ziur gaude funtzionatuko duela, pena merezi duelako.
Eskualdera ere iritsiko da?
Baietz espero. Hondarribiak areto polita du, Irunek ere, Errenteriak… Guk pentsatzen dugu udara eta gero mugituko dela. Orain kaleko beste ikuskizun batekin gabiltza,
Itsaslapurrak ikuskizunarekin ere oso ondo funtzionatzen ari gara, Gasteizko Kaldearte jaialdira itzuliko gara… Badugu mugimendua.
Ez zarete aspertzen, hortaz?
Ez, ez daukagu aspertzeko gogorik, eta ez dugu aspertu nahi, taldekide guztiak nahiko geldiezinak gara.