Sortuko idazkari nagusiak hitzaldia eman du, Oiartzun Azmarrin taldeak antolatuta. Estrategia independentista jorratu du, eta hainbat gako definitu ditu.
Ekhiñe Atorrasagasti kazetariaren galderei erantzun zien Otegik.
Oiartzun Azmarrin taldeak
Udaberri gorrian euskal errepublika marraztu hitzaldi sorta antolatu du. Hilabetean zehar lau hitzaldi antolatu dituzte, eta atzo arratsean izan zen lehena. Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia izan zen udaletxeko pleno aretoan, estrategia independentista jorratzeko.
Jendez lepo bete zen gela. Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak egin zituen saioaren gidari lanak. Zuzen bota zion lehen galdera: euskal errepublika eraikitzea ametsa ala errealitatea zen itaundu zion. “Beharra da”, erantzun zion Otegik. “Arrazoi askogatik da beharra. Identitate kontuagatik, bai, baina estatu batek gure herria babesteko tresnak ematen dizkigulako ere”, zehaztu zuen. Euskal estatua gehiengoak lortzean errealitate bilakatuko dela ziurtatu zuen.
Atorrasagastik galdetu zion ea estatu horrek gorria izan behar duen nahi eta ez, ala gerorako utziko den. Marxismoaren errealitate printzipioari heldu zen Otegi. Horrela, Brian Keenan IRAko buruzagi izandakoaren berari esandakoak gogorarazi zituen: “Ostiral Santuko Akordioa ez zen Irlandako errepublikarren proiektua, baina indarren korrelazioaren arabera posible zena izan zen”.
Euskal Herriko prozesu independentistaren hegemonia eskuin edo ezkerrekoa izan daiteke. “Eskozian eta Katalunian ezkerrerantz egin du bidaia”, zehaztu zuen. Ahalik eta ezkerrera egiteko, “jendea konbentzitu” behar dela adierazi zuen.
EAJren jarrera
EAJk Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babesteko aukera handia dago. Trukean, kupoaren negoziaketan jeltzaleen hainbat baldintza onartuko lituzkete.
Irmoa izan zen Otegi: “EAJk tapoia egiten dio herri honi. Jende gehienak uste du EAJ Eusko Jaurlaritzan dagoenean, espainiarrak baino hobeto bizi garela. EAJk ziurtasun bat saltzen du”. Kupoan itzuliko litzatekeen diru kopurua euskal herritarrena dela defendatu zuen. “Ez zaigu serioa iruditzen. Noiz arte hipotekatuko dute gure etorkizuna?”.
Katalunia izan zuen hizpide, berriro. Bere esanetan, EAJren jarrerak kataluniarrei erakusten die Espainian eroso bizi daitekeela. “Baina kontua da Katalunian egoera ezberdina dela: han ez dute trenek funtzionatzen, berme sozialak oso gaizki daude…”.
Espanya ens roba ideia-indarra gogorarazi zuen segidan.
Erakartzeko gakoak
Atorrasagatik independentismora erakartzeko gakoei buruz galdetu zion Sortuko idazkari nagusiari. Lehenik eta behin, baietsi zuen herritarrak beldurtuta zutela. “Lehen bazeuden atxikimenduko hainbat faktore: erlijioa, ideologia handiak… Hori ia desagertu da. Beraz, EAJk ziurtasun bat eskaintzen du”. Baina, bere iritziz, ziurtasun horrek “amarrua” du: “Adibidez, Extremadurako egoera hemengoarekin alderatzen dute. Noski hobeto gaudela, baina zergatik ez dute alderatzen herrialde nordikoekin?”.
Horrela, erakartzeko gako bezala Euskal Herria herrialde nordikoen eredura eramatea planteatzen du Otegik: “Herri honetan badaude baliabideak horretarako. Inori ez diot entzun estatu eredu txarra direnik, eta atrakzio elementu izan daiteke”. Hori bai, ñabardura batekin: ezkerreko ikuspegi eredu hartatik harago joateko nahia duela aipatu zuen.
Ezker abertzaleari begira
Etxera begirako atalean sartu zen orduan. Ezker abertzalearen proiektua biziberritu behar dela konbentzituta dago. Horrela, elgoibartarraren esanetan, independentzia eta sozialismoa ez dira lortzen aldizkari ofizialetan argitaratuta, “baizik eta beheko jendearekin hitz egiten”.
Hori egiteko Oiartzun bera jarri zuen eredu gisa. “Urteak daramatzagu Oiartzunen irabazten. Jendeak ikusten du konpromisoa, sakrifizioa eta abar egon direla, eta horrek autoritate morala ematen du. Gainera, uste dut —bere akatsekin noski— programa ona dugula”. Proiektu independentistaren ahulgunea Bilbo Handian ikusten du, eta hori indartu behar dela uste, proiektua berrituz.
Pleno aretoa lepo bete zen.
Atorrasagastik “epika berri bat” sortzearen esparrura eraman zuen Otegi. Ezker abertzaleko militantearen hitzetan, 1960ko hamarkadako epikan ainguratuta dago bera parte den mugimendua, eta hori 2017ra eguneratzeko beharra ikusten du. “Ez Dok Amairu mugimenduak harrotasun bat itzularazi zuten. Erresistentzia fase bat zen, eta berpizkunde kulturala egon zen. Gaur egun ez dut ikusten estatuaren aldeko antzeko mugimendu kulturalik”.
Horrela, independentziaren aukerari prestigioa emateko deia luzatu zien hainbat profesional eta intelektualei. Ildo berean, sindikatuen protagonismoa handitu behar dela aipatu zuen.
Aliantzak?
Munduan arrakala geoestrategikoa ikusten du, eta hori “esparru guztietan” aprobetxatzeko aldarria egin zuen. Bidelagunak aurkitu behar dituzte, eta ELA horietako bat izan daitekeela uste du. “Hala bada, hegemonia ezkerrerantz joango da”, berretsi zuen. EAJ, egun, ez du subiranismoaren alde ikusten, baina ohartarazi zien bere bidea “agortuta” dagoela.
Prozesu independentista abiatzeko, datak jartzea gustuko ez duela jakinarazi zuen Otegik. Kataluniara seinalatu zuen berriro: “Han zazpi urtetan egin dute prozesua. Nork imajina zezakeen duela hamar urte CiU batuko zenik?”.
Prozesua martxan jartzeko, bere errezeta azaldu zuen: “Ilusioa eta konbentzimendua. Jendearekin egon behar dugu, eta haiei entzun”. Iraultza kulturala eskatu zuen, eta ezker abertzalearen arazo bat azaleratu zuen. “Trantsizio fase batean gaude. Guk instituzioak pitzatu nahi genituen lehen, baina herritarrak erakundeen alde zeuden. Duela sei urte instituzio ugaritara iristea lortu genuen, herritarrak haiengandik aldentzen hasi zirenean”, argitu zuen. Horrela, instituzioen, mobilizazioen eta borroka formen papera berraztertu behar dutela iritzi du.
Presoak, eta galderak
Presoen gaia ere atera zen atzoko hitzaldian. “Gobernuek badakite min egiten digutela, eta horregatik egiten dute”, gaitzetsi zuen. Horrela, blokeoa gainditzeko euren esku dagoen guztia egingo dutela hitz eman zuen. “Ateratzen dugun bakoitza prozesuarentzako aktibo bat izango da”.
ETAren armagabeatzearekin alderatu zuen egoera: “Haiek blokeatu zuten egoera, eta herri honetan desblokeatu da”.
Galderen txanda ireki zen ondoren, eta publikoan izan zen mikrofonoa hartu zuenik. Sortuk planteatzen duen Euskal errepublika konfederalari buruz galdetu zioten. Otegik erantzun zion sintoma ona dela, “errebindikazio fasetik eraikitze fasera pasatu” delako. Euskal Herriak independentzia lortzeko bi bide daudela azaldu zuen, herrialde guztiak batera ala zatika. “Hiru bagoi ditugu, geltoki bat. Estatu bat sortzen bada, nahiz eta lurralde guztiak ez hartu, dei efektua izango duela uste dut. Balear Uharteetan eta Valentzian hori gertatu da”.
Bukatu baino lehen, bi gomendio egin zizkien bertaratutakoei: “Sedukzioa eta gehiengoak eraikitzea”.
Hitzaldi zikloak datorren asteazkenean jarraituko du.
Ziklo armatuaren ondorioak gaindituz da
solasaldiaren izena. Hizlariak Oihana Garmendia eta Urtza Alkorta izango dira, eta gidari lanetan Miren Azkarate ariko da. 19:00etan hasiko da solasaldia, Manuel Lekuona bibliotekan.