Uztailaren 1ean mosaikoa egingo dutela jakinarazteko agerraldia antolatu du Sarek.
Errenteria-Oreretako herritar talde batek, herriko Sarek deituta, agerraldia egin du gaur goizean, Foru Plazan. Euren ezberdintasunak alde batera utzita, kezka batek bildu ditu bertara: pertsona guztientzako giza eskubideen defentsak.
Ane Pescadorrek eta Lourdes Urangak denen izenean irakurri duten adierazpenean nabarmendu dutenez, osasunerako eskubidea oinarrizkoa eskubidea da, baita unibertsala ere. “Pertsona guztiei zor zaie, aske zein preso egon. Inongo lege eta arautan ez da esaten pertsona batek, aske ez egoteagatik, osasuna eta tratu duina izateko eskubiderik ez duenik”, esan dute.
Horrela, Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen presoaren egoerak kezkatzen dituela jakinarazi dute. Gaixotasun psikologiko larria izan arren, preso jarraitzen du. “Aitzolen egoera ez dator bat bere espetxeko egonaldiarekin. Legearen arabera —Kartzela Araudiaren 100.2 artikuluaren arabera, hain zuzen ere— larri gaixo dauden presoek espetxealdi ari bat edukitzeko eskubidea dute, haien gaixotasunarentzat aproposa den tratamendua jaso dezaten”, gogorarazi dute.
Espetxetik ateratzeak, ohartarazi dutenez, ez du gaixotasuna sendatzea bermatzen, baina egoera arinduko luke: “Espetxetik ateratzeak pertsona horrek horrek hobera egin dezan, eta gaixotasunak bilakaera geldoago bat izan dezan laguntzen du, zalantzarik gabe”.
Horregatik guztiagatik, gaurko agerraldia egiterakoan, hiruki forman jarri dira, arrisku zeinu horia irudikatuz.
Mosaiko erraldoia
Foru Plazan bildutako herritar taldeak eskakizun irmoa egin du: Gogorza eta ingurukoek bizi duten sufrimenduarekin bukatzea. Gogorzari 100.2 artikulua ezartzea eskatzen dugu, espetxetik kanpo eta bere ingurune afektiboan tratamendu egokia jaso dezan.
“Giza eskubideen defentsan artisau asko behar dira. Ezberdinen arteko zubiak eraikiz eta indarrak batuz, hain beharrezkoa zaigun, hainbestetan amestu dugun konponbidea lortuko dugu”, aldarrikatu dute.
Horregatik, “giza eskubideen alde dauden lagun guztiei” dei egin diete, uztailaren 1ean Gamon Zumardira hurbiltzeko. 18:00etan elkartuko dira bertan, mosaiko erraldoi bat eginez Gogorzaren askatasuna eskatzeko.