Jendea jasotzeko prest dira udako igerilekuak.
Eguraldiak uzten badu, datorren larunbatean irekiko dituzte Oiartzungo udako igerilekuak. Ekainaren 10etik irailaren 10era bitartean egongo dira irekita, abuztuaren 3a kenduta.
Ekainean, abuztuan eta irailean 11:00etatik 20:00etara izango da igerilekuen ordutegia. Uztailean, berriz, ordubete lehenago irekiko dute, eta beste ordubetez luzatuko dute ordutegia.
Prezioak eta bonoak
Elorsoro kiroldegiko bazkideek ez dute ordaindu beharko udako igerilekuen erabileragatik. Bazkide ez direnek, eguneko sarrerak, edo hilabeteko zein denboraldiko bonoak eskura ditzakete.
Eguneko sarreren prezioak 3,60 euro (16 urtetik beherakoentzako) eta 7,15 euro (gainontzekoentzako) izango dira. Bosnaka erosi nahi izanez gero, honakoak dira prezioak: 14,30 gazteenak eta 28,50 helduenak. Bost urte baino gutxiago dituzten haurrek ez dute ordaindu beharko, baina helduen ardurapean egon beharko dute.
Denboraldiko bonoen prezioak ere zehaztu dituzte: 120 euro balioko du familia bonoak; 90 euro helduen banakakoak; gazteenak 60 euro. Bono horiek udako igerilekuan erabiltzeko bakarrik izango dira.
Hilabeteko bonoei dagokienez, familientzakoak 105,30 euro balioko ditu; helduen banakakoak 62,85 euro eta gazteenak 38,55 euro.