Aurten hiru traineru izango ditu San Juanek. Helburu bera izango dute: estropadetan aurrealdean egotea. Itxaropentsu da San Juan Koxtape Arraun Elkartea.
San Juanen bi traineru nagusiak, pasa den asteburuan, Ondarroan. [Argazkia: Josu Z.].
Sasoi onean dabil San Juan Koxtape Arraun Elkartea. Iaz neskek, hirugarren aldiz, EuskoTren Liga eta Kontxa irabazi zituzten. Mutiletan, TKEko liga laugarren postuan bukatu zuten. KAE2n, berriz, Oiartzungo taldearekin elkarlanean aritu ziren, eta liga irabaztea lortu zuten.
«Aspalditik egiten ari garen lanaren ondorioa da hori», esan du Xabier Arraras klubaren presidenteak. Lan horren oinarria harrobia dela ziurtatu du Arrarasek: «Egungo arraun mundua ikusita, hori da balio dizuna, etekinak ateratzeko balio dizuna. Gu sartu ginenean bagenekien hori zela bidea, eta horretan jardun gara»
Oiartzungo kluba desagertuta, aurten hiru traineruk eramango dute klubaren izena.
Entrenatzaile aldaketak izan dira guztietan. Juan Mari Etxabek
Batelerak trainerua
Erreka-gatik aldatu du. Uzta ona jaso du neskekin, eta orain estreinakoz entrenatuko ditu mutilak. «Esperientzia handia dauka arraunlari bezala. Gutxi izango dira bere palmaresa dutenak. Ez genuen bitan pentsatu», zehaztu du Arrarasek. Hasierako egokitzapenak pasatuta, bide onetik doa eskifaia. «Gainera», jarraitu du, «konfiantza eta gertutasuna ematen die».
Dozena erdi baja izan dituzte, eta horiek ordezteko harrobira jo dute. Orain arte, trainerilla eta bateletan emaitza onak lortu dituzte, eta horrek poza eta itxaropena zabaldu ditu klubean. Hala ere, benetako estropadei itxaron beharko diete euren burua ongi neurtzeko. Helburuei dagokienez, ohorezko txandarako sailkatzea dute amets. Arraras:?«Hondarribia eta Bermeok talde indartsua dute. Orio ere asko indartu da. Ahaleginak egingo ditugu ohorezko txandan sartzeko. Ezin baldin bada, bigarren txandan sartzen saiatuko gara». Hori bai, onartu du xede nagusia behekoak ahalik eta azkarren atzean uztea dela. «Hortik aurrerakoa ongietorria izango da».
Batelerak, errepikatzera
Nesken taldeak hiru urte ikaragarri egin ditu, eta bolada horri segida eman nahi diote. Merezi duten garrantzia ematen die klubak neskei. Arraras: «Berdintasunagatik borrokatzen ari gara aspalditik. Guk ez dugu asmatu emakumea arraun munduan egotea. 1990eko hamarkadan, neskak bazebiltzan gure elkartean. Emaitza oso onak ateratzen zituzten aulki mugikorrean».
Ildo horretan, Etxaberen hutsunea betetzeko, emakume bat hautatu behar zutela argi zuten. Hautagaia etxean bertan aurkitu dute: Maialen Arrazola arraunlaria. «Maialen Arrazola esperientzia handiko arraunlaria da, bai mugikorrean, baita finkoan ere, eta hemen ere bitan pentsatu gabe, erabaki genuen berari postua eskaintzea. Harridura aurpegiak bi segundo iraun zion, eta segituan onartu zuen».
Arrazolak arraunean ere jarraitu nahi zuen. Zuzendaritzakoek eurek animatu zuten bi gauzak egin zitzan: «Bera bakarrik izan daiteke bi postuak dituena. Iazko garaipenak berdintzen badira, pentsa non geldi daitekeen arraunaren historian…». Arrazola traineru barruan egonda, kanpoan beste entrenatzaile bat egotea erabaki zuten. Anartz Gereño klubean luzaroan arraunlari eta entrenatzaile izandakoari eskatu zioten bikote teknikoa osatzea. «Poztekoa da, entrenatzaileei dagokienez ere, ongi hornituta gaudelako», esan du.
Kontrarioei buruz ere aritu da Arraras: «Arerio nagusia Hibaika izango da. Meritu handia ematen diet, jasandako porrotekin borrokan jarraitzea, benetan mirestekoa baita. Iazko Kontxan, ehun metro falta zirela, bandera Oreretan ikusten nuen… Gureek ongi erreakzionatu zuten. Egia da iazko Kontxako Bandera bitan zatitu eta banatu zitekeela».
Mutilei dagokienez, aurten beste traineru bat edukiko dute, KAE2 Ligan. Aurreko bi urteetan Oiartzunekin akordioa zuten, talde bakarra egiteko. «Ahaleginak egin ditugu, baina ezinezkoa izan da jarraitzea. Oiartzun beharrean, San Juan izenarekin aterako gara», esan du.
Iaz liga irabazita, bide beretik joan nahi dute. Talde gaztea dute, baina maila handikoa, presidentearen arabera. «Etxabek goiko taldea oso motza egin du, beheko taldetik jendea igotzeko aukera dagoelako, baina baita ere bi traineru bete behar zirelako, eta ez dugu hainbeste jende». Aurten sortu duten Lapurdi taldea izango da talde gogorrena, Arrarasen ustez, eta San Pedro B, Hibaika edo Getxo igotzeko borrokan ere ibiliko dira.
Erakundea, egonkortua
Orain dela zazpi urte jende gaztea sartu zen klubaren zuzendaritzan, proiektu berri batekin. Gaur egungo emaitzak orduan ereindako hazien loretxoak direla adierazi du Arrarasek. Azken agintaldi urtea dute, eta norbaitek ordezkatuko balitu, laguntza eskainiko liekete.
San Juan Koxtape Arraun Elkartea babesten dutenei dagokienez, Sumelec eta Fegemu enpresek mutilen lehen trainerua babestuko dute. Iberdrola emakumeak babestera soilik pasatuko da. «Termika ez dagoenetik, urtero diru gutxiago ematen dute, eta traineru bat babestea eskatu genien. Nesken alde egin zuten». Udalaren eta aldundiaren laguntza ere jasotzen dute. Arrarasek esan du ez direla kexatuko, baina beti egon daitezkeela egoera hobean. Izan ere, aulki mugikorra berriro hartzea erabaki dute, eta inbertsio handia suposatu die horrek sanjuandarrei.
Eta azkenik, zaleak. Hor ez dute batere kexurik. Eszisioaren ondoren jende asko ez zen klubera hurbildu, baina garai bateko desadostasunak atzean geratu direla uste du. «Uda iristean, herrian nabaritzen da arraunaren eta arrosaren
pozoi hori». Ziur Kantauri Itsasoa ere
pozoi horrekin kutsatuko dutela.
Horrela, bihar arrosek antolatutako lehenengo estropadarekin gozatu dezakete zale sanjuandarrek. I. Fegemu Bandera egingo dute bihar arratsaldean. Zehaztapen guztiak irakurtzeko,
sakatu esteka.
Maialen Arrazola: «Ez daukat presiorik; taldeak berak jartzen du presioa»
Maialen Arrazola, ‘Batelerak’ ontziko arraunlari eta entrenatzailea.
Lehenengo urtea duzu entrenatzaile moduan. Nola heltzen diozu erronka horri?
Hasieran urduritasun pixka batekin, baina baita konfiantzarekin ere. Klubak asko lagundu dit. Anartz Gereño eta biok eramaten dugu taldea, eta [Juan Mari] Etxabe ere hor dago, edozer gauzarako.
Entrenatzaile izateaz gain, arraunlari ere jarraituko duzu. Nola uztartzen dira bi postu horiek?
Anartzen [Gereño] laguntza beharrezkoa da. Traineru barruan joaten zara, eta dituzun sentsazioak barrukoak dira, eta kanpotik beste norbait behar duzu. Beste begi batzuekin ikusi behar da. Nik noizean behin egiten ditut entrenamenduak kanpotik, baina ezin dut beti kanpotik begiratu.
Taldean urte batzuk daramatzazu. Nola hartu dute taldekideek zu entrenatzaile izatea?
Uste dut inork ez duela arazorik izan. Nik esan nuen gauza bakarra izan zen denon artean egin behar genuela lana, eta denon artean atera behar genuela aurrera. Ni entrenatzaile izateak ez luke egoera asko aldatu behar. Bale, entrenatzailea naiz, gauza batzuk ezberdinak izango dira, erabaki batzuk hartu behar ditut; baina taldeak berak egin behar ditu aurrerapenak taldea bera hobetzeko.
San Juanek listoia altua du. Aurtengo helburua aurreko urteetakoa errepikatzea izango al da?
Langa altua da, bai, baina klubak ez dit inolako presiorik sartu. Presioa taldeak berak jartzen du. Nik ez daukat presiorik, baina taldeak berak jartzen du presioa: ‘Maialen, gehiago entrenatu nahi dugu’, ‘Maialen, hau sakrifikatu dugu eta goazen emaitzen bila’… Azkenean taldeak ez badit helbururik eskatzen, nik ezin ditut jarri.
Beraz, taldeak zein helburu markatu ditu?
Behintzat, iazkoa berdintzea, eta ahalik eta erosoen arraun egitea; gustura, pozik… Entrenatu dugunarekin, gauzak ongi aterako balira, hor goian egon beharko genuke.
Arerio nagusia nor izango da?
Guk ez dugu inor gutxiesten. Hibaika eta Orio hor daude, kristoren maila eman zuten. Orio gurekin ibili zen Kontxan, eta Hibaika ere bai. Argi dagoena da ezin dugula lo hartu. Galizian badago beste talde bat ongi ibiltzen dena. Arraun Lagunak, Hernani… zer edo ezer beherago daude, baina despistatzen bagara, hor egon daitezke. Beraz, ezin gara despistatu.
Juan Mari Etxabe: «Taldeak nola arraun egiten duen ikusteak ilusio handia ematen dit»
Juan Mari Etxabe, ‘Erreka’ ontziaren entrenatzailea.
Zein helburu duzue datorren denboraldi honetan?
Aurredenboraldia eta negua oso ongi egin ditugu, lesiorik eta deus gabe. Hori zen garrantzitsuena. Uste dut iritsi garela nahi genuen zenbakietara. Iazko maila inguruan ibiliko garela uste dut. Orain ikusi behar dugu zein maila ibiltzen duten uretan.
Gure helburua ohorezko txandan sartzea izango da, edo inguruan ibiltzea behintzat. Bestela bigarren txanda horretan ea kapaz garen denbora onak egin eta borrokan ibiltzeko.
Lehenengo urtea izango da mutilak entrenatzen, nesken trainerutik etorrita. Zer moduzkoa izan da aldaketa hori?
Egia esan, arraunlari gehienak ezagutzen nituen. Klubaren barruan eta zuzendaritzaren barruan egonda, ezagutzen nituen. Bakoitzak bere maniak ditu: lehengo entrenatzaileak bere maniak zituen, eta nik nireak, beste lan plangintza batzuk.
Gehienak ezagutzeak gauzak asko aurreratzen ditu lanerako.
Arraunlarien artean ere aldaketak egon dira.
Sei baja izan ditugu pasa den denboralditik. Bajak ordezkatzeko harrobiko arraunlarien bila joan gara gehienbat. Getariako mutil bat etorri da, baita Hondarribiko beste bat ere. Lana ongi egiten ari dira, eta emaitza ona eman dute. San Juan berriro saiatuko da aurreko taldeen artean egoten.
Iaz, Hondarribia eta Urdaibai kenduta, bandera bat irabazi zenuten bakarrak izan zineten. Aurten ere hori lortzen saiatuko zarete?
Aurreko traineruen inguruan ibiltzen bazara, aukera izan dezakezu. Uste dut lana ongi egin dugula. Ohorezko txanda bat irabaztea zaila da, ez guretzako bakarrik, baizik eta besteentzako ere bai. Eta aurten nahiko borrokatuak ikusten ditut postu horiek. Gainetik Hondarribia egon daiteke, eta gainontzekoei agian eguraldiak edo kaleak laguntzen badigu egunen batean… Baina beno, espero dut hor inguruan egotea, eta banderaren bat edo bi irabazten saiatzea.
Zeintzuk izango dira zuen arerio zuzenak?
Hondarribia eta Urdaibai ligaren bila joango dira. Oriok ematen du talde oso on bat egin duela, neguan ikusi denez. Baina inkognita dira. Gero Zierbenak ematen du taldea badaukala, baina ikusi beharko da. Garbi daukat segundo gutxitan talde dezente ibiliko garela.
Ilusioarekin hasi duzu erronka berri hau.
Ilusioarekin beti, bestela ez genuen arraun munduan jarraituko. Taldeak nola arraun egin duen ikusteak ilusio handia ematen dit. Gogo handiarekin nago hasteko, eta ikusteko ea zenbaki horietara iristen diren. Uste dut talde on bat egiten ari garela.