[Galeria] Sare: “Aitzolek eta bere gertukoek pairatzen duten sufrimenduarekin amaitu behar dugu”

Aitzol Etxera

Mosaikoan erabilitako aldarriak herrian zehar jartzeko gonbidapena luzatu du Sarek

Hamarnaka herritar elkartu dira gaur arratsaldean Errenteria-Oreretan, mosaiko erraldoi bat irudikatuta,  Aitzol Gogorzari 100.2 artikulua aplika diezaioten eskatzeko. Larri gaixo da preso politiko oreretarra, Basauriko espetxean.

Errenteria-Oreretako Sarek antolatu du ekitaldia, Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokian. Herritarrei harrera, Eider Rodriguezen eta Arkaitz Minerren olerki musikatu batekin egin diete. Nanga Parbaten zendutako Alberto Zerain eta haren kide Mariano Galvan mendizaleentzat izan dira lehen hitzak, eta Zerain Sareko kide zela gogorarazi dute antolatzaileek.

Ondoren egin du Sarek irakurketa, ekitaldira bildutakoek Aitzol Gogorzari 100.2 artikulua ezartzeko aldarri horiak erakusten zituzten bitartean: “Orereta-Errenteriako herritarrak gara eta bakoitzaren ideologia alde batera utzita pertsona guztientzako ezinbestekoak diren giza eskubideak defendatzeak batzen gaitu”, adierazi dute. “Osasunerako eskubidea, oinarrizko eskubidea da, baina, horrez gain, eskubide unibertsala, ere, bada”, ohartarazi dute, eta aipatu eskubidea pertsona orori zor zaiola nabarmendu dute, “aske zein preso egon”.

“Kezka” agertu du Sarek Gogorzak bizi duen egoerarengatik, gaixotasun psikologiko larria eduki arren, espetxean mantentzen dutelako eta  preso oreretarrari 100.2 artikulua aplikatzeko eskatu dute, espetxealdia arindu eta  bere gaixotasunarentzat aproposa den tratamendua jasotzeko aukera izan dezan. “Aitzolek eta bere gertukoek pairatzen duten sufrimenduarekin amaitu behar dugu”, adierazi dute, eta norabide horretan “ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko” deia zabaldu dute.

“Giza eskubideen defentsan artisau asko beharko dira”, gaineratu dute eta Eduardo Galeano idazlearen hitz ezagunenetakoak gogora ekarrita bukatu dute irakurketa: “Jende txiki askok leku txikietan gauza txikiak eginez, mundua alda dezake”.

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend