Ez dute onartzen Udaltzaingorako LEP deialdia eta elkarretaratzea egin dute gaur udaletxe aurrean.
Udaltzainen elkarretaratzea, gaur goizean, Donibanen, udaletxe aurrean.
Pasaiako Udalak Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak prestatu duen LEP deialdi bateratuan parte hartzeko asmoa du, udalean ordezkaritza duten sindikatuek salatu dutenez. Erabakia ez da langileen batzordearen gustukoa izan, eta elkarretaratzera deitu dute. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek salatu dutenez, hiru lanpostu huts betetzeko deialdia egin asmo du udalak Arkauterekin batera.
Erabakia deitoratu dute aipatu sindikatuek, eta gogorarazi dute, Lanpostuen Eskaintza Publikoak egiteko eskumena udalarena dela, eta Udalhitzek jasotzen duenaren arabera, udalak alde sozialarekin negoziatu behar dituela aipatu eskaintzak. Horrez gain, Pasaiako Udaleko Pertsonal Batzordean lanpostu hutsak betetzeko orduan lehentasuna bertako LEPei ematea adostu zutela nabarmendu dute, baita udalak berak kudeatuko lituzkeen lan poltsei ere. “LEP prozesuak beste erakunde bati enkargatzeak zuzen zuzenean jotzen du polizia ereduan ere pasaitarrekiko hurbiltasuna lortzearen aurka, eta hurbiltasuna da langileen batzorde honek defendatzen duena”, adierazi dute. Zentzu horretan, “udaltzaingoa herritarra” defendatzea izan da gaurko elkarretaratzearen asmoa.
Honenbestez LEP prozesu bateratua etetea eskatu diote sindikatuek udalari, eta lanpostu zerrendako hutsune guztiak eskain ditzala. Horrez gain, lanpostu horietarako hautaketa prozesua alde sozialarekin negoziatua izan dadin eskatu diote, eta polizia ereduan ere hurbiltasunaren alde egin dezan.