Baserritarren Eguna ospatzen ari dira gaur xanistebanetan; jubilatuek ere badute protagonismoa
Trikitilariek kale buelta egin dute goizean.
Xanistebanen erdian dagoen eguna da gaurkoa: Baserritarren Eguna. Behar bezala ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Horrela, hilerri ondoko probalekuan idi dema egin dute —17:00etan hasiko da bigarren saioa—. Done Eztebe plazan, berriz, baratzeetatik ateratako produktu ekologikoen azoka egin dute.
Eguerditik aurrera, Inaxio Uharteren omenezko sagardo dastaketarekin freskatzeko aukera egon da. Baita sabela betetzekoa ere: pintxo lehiaketa egin dute kontzejupean. Patata tortilla tradizionaletik hasita, pintxo sofistikatueneraino, aukera handia izan dute bertara hurbildu direnek.
Aurten, urtero bezala, bi bertsolari igo dira plazako oholtzara. Gai librean aritu dira Amets Arzallus eta Jexux Mari Irazu.
Baserriaren mundua ez da gaurko protagonista bakarra izan: jubilatuen eguna ere bada. Goizean bisita egin diete, Petra Lekuona egoitzara, eta eguerdian bazkaria eskaini die udalak.
Arratsaldeko planak
Arratsaldeari dagokionez, haurrentzako animazioa egongo da plazan, 16:30ean hasita. HELTAkoek pasa den ikasturtean egindakoaren emaitza ikus ahal izango da kontzejupean.
Gainera, herri kirolen erakustaldia egingo dute ikastolan, 19:00etan hasita. Ordu erdi beranduago hasiko da —Landetxe plazan— Olatz Salvadorren konzertu akustikoa, Antiju Morik antolatuta. Ez da talde feministak antolatu duen gauza bakarra izango. Izan ere, 21:00etan bertso afaria egingo dute plaza horretan bertan. Alaia Martin eta Miren Amuriza bertsolariei Itsaso Piquerrek jarriko dizkie gaiak.