Baigorrin jokatutako final laurdenetako saioan gailendu da oiartzuarra; Ander Lizarralde laugarren izan da
Alaia Martin, nagusitu zen Baigorrin.
Baigorrin (Nafarroa Beherea) jokatu zuten, pasa den larunbatean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehenengo final laurdena. Bi oiartzuar igo ziren oholtzara, Ander Lizarralde eta Alaia Martin, eta bigarren horrek lortu zuen nagusitzea.
Bera izan zen sei bertsolarien artean onena. 712 puntu eskuratu zituen. Ander Lizarralde, berriz, laugarren izan zen, 627 punturekin. Gainontzeko bertsolariek honako puntuazioa jaso zuten: Aimar Karrikak, 651,5 ; Beñat Ugartetxeak, 631,5; Mikel Artolak, 620; eta Xabi Maiak, 598,5.
615 lagunek bete zuten Baigorriko ezker pareta. Martinen hurrengo zita azaroaren 1ean izango da, Irunen. Artalekun jokatuko dute finalerdia, 17:00etan. Oraingoz, Martin bera, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio ariko dira saio horretan.
Bestalde, Jon Martinek datorren larunbatean egingo du debuta. Seguran jokatuko dute beste final laurdenetako bat, Baratze pilotalekuan. Ander Fuentes, Beñat Iguaran, Felix Zubia, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi taularatuko dira berekin.