Txost pilota elkarteak hitzaldiak eta erakustaldiak antolatu dituzte astebururako
Ezkerretik eskuinera: Txosteko Imanol Nazabal eta Anton Mendizabal, eta Josune Cousillas Kultura zinegotzia.
Pilota Oiartzunen erabat sustraituta dagoen kirola da. Badira egun Euskal Herri osoan hedatuta dauden modalitateak, baina garai batean ohikoagoak ziren mota batzuk berreskuratzen ari dira pixkanaka. Horretan ari da Txost pilota elkartea.
Lan horri jarraipena emateko, joko zuzenen festa antolatu dute datorren astebururako. Europako Ondare Jardunaldien barruan kokatu dute ostiraletik igandera bitartean egingo dituzten ekitaldiak.
Oiartzun, joko zuzenen testigu izena jarri diote festari. Paisaia izango da gaia, eta herrigune eta mendi aldeko joko eremuen arteko kontrastea azaleratuko dute.
Pilota plaza berriro
Horrela, datorren larunbatean eta igandean (hilak 30 eta urriaren 1a) errebote, pasaka eta bote luzeko erakustaldiak eskainiko dituzte. Kontzejupe eta Beheko Plazako ohiko joko eremuez gain —duela gutxi eraberritu dute bigarrena—, Done Eztebe plazan bertan ere joko zuzeneko partidak jokatuko dituzte. Orain dela urte asko joko zuzenerako erabiltzen zuten herriko plaza nagusia, eta larunbatean, 10:30etik aurrera, bote luzeko joko zelai bihurtuko da. 12:00etan kontzejupean pasakako partidak jokatuko dituzte, eta errebotea iganderako utziko dute. 10:00etan egingo dute erakustaldia, Beheko Plazan.
Ostirala, berriz, hitzaldientzako eguna izango da. Bi hitzaldi antolatu dituzte udaletxeko areto nagusian, 19:00etan: alde batetik,
Joko zuzenak Oiartzunen, lehen eta orain; eta bestetik, Iñaki Uriarte arkitektoak
La plaza frontón, ágora vasca hitzaldia emango du.
Oiartzunek hamar pilotasoro ditu, eta horietako batean ariko dira urriaren 8an. Artikutzako Trenaren Egunaren egitarauaren barruan, bote luzeko partida bat jokatuko dute Zaldingo pilotasoroan.
Oiartzungo Udalak Txosten lana txalotu du, azken urteetan joko zuzenak berreskuratzeko egiten ari den lanarengatik. Herritarrak ekitaldietara hurbil daitezen animatu dituzte, joko zuzeneko modalitateak ezagutu ditzaten.